argia.eus
INPRIMATU
Arabako herrietako zaharrek etxean eta senideekin bizi nahi dute
  • 80 urtetik gorako arabarren %83k, geroan ezintasunen bat izan edo ez, etxean bizitzen jarraitu nahi du eta zaintzaileak senideak izatea.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 24a
Arabako zaharren erdiak ez du egoitzara joan nahi inolaz ere.

Arabako Foru Aldundiak landa guneko 80 urtetik gorako 405 pertsonari egin die inkesta. Adin horretatik gorako 5.013 lagun bizi dira Arabako landa gunean.

Emaitza argia eta esanguratsua da. Non eta nola zainduak izatea nahi duten galdetu zaie, eta hainbat konbinazio jarri dizkiete aukeran. Emaitzak ondokoak dira: %83k lehendabiziko aukeratzat hartu du etxean bizitzen jarraitzea eta senideek zaintzea; %67k bigarren aukeratzat jarri du etxean segitzea eta zaintzailea senidea ez izatea; %45ak hirugarren aukeratzat du senitartekoren baten etxera bizitzera joatea. Elkarrizketatu dituztenen %95ak lehen, bigarren edo hirugarren aukera gisa hartu du norbere etxean bizitzea eta etxekoek zaintzea.

Inkestan parte hartu dutenen erdiak erantzun du egoitza batera inolaz ere ez liratekeela joango, eta joatekotan gogoz kontra. %2k erantzun du bere kabuz baliatu ezin denean eta beste erremediorik ez dagoenean joango litzatekeela egoitzara.