argia.eus
INPRIMATU
Arabako herriak, goitik begiratuta
  • Arabako Foru Aldundiak aireko argazkiak egin dizkie herrialdeko hemezortzi udalerriri. Lehendik beste hamalau eginak zeuzkan eta Aldundiak Arabako udalerri guztiei egingo dizkie airez hartutako kalitate handiko argazkiak.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko urtarrilaren 09a
Buradon Gatzaga herria. (Arg.: Arabako Foru Aldundia) Buradon Gatzaga herria. (Arg.: Arabako Foru Aldundia)

Duela zenbait hilabete Arabako hamalau udalerrien aireko argazki-bilduma aurkeztu zuen Aldundiak, eta orain beste 18 gehitu ditu zerrenda horri. Guztira, Arabako 32 udalerritako 212 herriguneren aireko argazkiak eginda daude, eta Arabako Foru Aldundiak lan grafiko hori egiten jarraituko du, Arabako geografia guztia osatu arte. Zehazki, udalerri hauek gehitu dira: Amurrio, Aramaio, Armiñon, Arratzua -Ubarrundia, Bernedo, Eltziego, Bilar, Iruña Oka, Kripan, Kuartango, Bastida, Guardia, Lantziego, Moreda Araba, Navaridas, Oion, Eskuernaga, Iekora eta horietako 87 kontzejuak.

Irudi hauei esker errazagoa izango da hirigintza plangintza, eta argazkiok Ingurumen eta Hirigintza Sailak lehendik dauzkan kartografia eta ortoargazkiei batuko zaizkie.

Kalitate handiko airetiko irudi horiek arabar guztien esku daude, araba.eus webgunean.

Aldizkariak erantzunetarako duen atalean Asier Sarasua kexu agertu da argazki sorta honek duen lizentziarekin:

"Pena da Aldundiak ordaindutako argazki horiek ezin direla beste inon berrerabili. Euskarazko wikipedian, adibidez, oso ondo hornituko lituzkete Arabako herrien artikuluak. Arabako Aldundiak lizentzia itxi bat erabiltzea aukeratu duenez (copyright bat), ezin dira wikipedian txertatu. Hurrengorako ondo egongo litzateke CC-BY (Creative Commons) motako lizentzia bat erabiliko balute".

Albiste hau Arabako Alean argitaratu da eta CC by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra