argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA |
Arabako hauteskundeak, Mercedeseko administrazio kontseilura

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko ekainaren 13a

Berri ona ospatu da nonahi: Mercedeseko zuzendaritzak Gasteizko lantegian 1.200.000.000 euro inbertitzeko proiektua du. Hedabideek eta agintari politikoek azaldu digutenaren arabera, inbertsioak Arabako lantegi handienaren –5.000 lanpostu zuzen, 30.000 inguru zeharkako– jarduna ziurtatuko luke “hamarkadetarako”. Dirutza munduko industria ekozidenetako bat indartzeko, hori da bai une historikoak eskatzen duena. Baldintza xume bakarra jarri du enpresaren zuzendaritzak –kasualitatez, lan-hitzarmen berriaren negoziazio bete-betean–: langileek “malgutasun” handiagoa onartzea.

‘Malgutasuna’ Mercedesen zertan haragiztatzen den pedagogikoki azaltzen du Ruben Sánchezen Alea-ko Mercedes, ispilu aurrean erreportajeak: lan erritmo gero eta itogarriagoak, legez kanpoko kaleratzeak, jazarpena sindikatu eta langile deserosoen aurka, finko bihurtu ditzaten UGTra afiliatzen diren langileak, ondorioen beldur beren sare sozialetatik manifestazioen argazkiak edo presoen ikurrak ezabatzen dituzten langileak, jazarpena euskaraz aritzeagatik... “Beste enpresa handi samar batzuetan lan egin dut, eta inon ez dut ezagutu Mercedesekoa bezalako jazarpen sozio-politikorik", dio langileetako batek. “Lan-malgutasunaren mesedetan eskubide asko galdu” dituztela diote aho batez ELA, LAB eta ESKko ordezkariek.

"Eta hauteskundeak benetako botere guneen osaera erabakitzeko antolatzen baditugu? Nafarroan Volkswagen, EAEn Iberdrola, Elkargoan Dassault... Araban eta Gasteizen, Mercedes"

Gasteizko eta Arabako agintari politikoek galdu ezin den aukera dela azpimarratu dute. Demokraziaren ordezkari izanik, ‘malgutasuna’ren eta eskubideen arteko lehian lehenbizikoaren alde egingo dutela pentsa zitekeen. Edo ez.

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eskatu du langileek eta enpresak “diskretuki” negoziatu dezatela, afera “eztabaida publikora” atera gabe: “Eztabaida edo gatazka sortzea ez da ona, erabakia hartzen den tokian [enpresan] entzun egiten delako, eta baloratu” –bide batez, oso ona ‘eztabaida publikoa’ eta ‘gatazka’ oharkabean bezala parekatze hori,–. Gasteizko Alkate Gorka Urtaranek argi utzi du proiektua babestuko dutela erakundeek, hori bai, “enpresa eta langileen arteko akordioa gakoa” dela azpimarratuz. Langile-enpresari akordioak nola ulertzen dituen bikainki laburbildu zuen 2021eko azaroan, besteak beste autogintzaren industriari eman beharreko laguntzez ari zela: “Sindikatuak tentsioa sortzen ari dira eta horrek [enpresentzat] erakargarriago izatea zailtzen digu”. Nahikoa ez, eta lehendakariak bi egun behar izan ditu iragartzeko Alemaniara bidaiatuko duela pertsonalki, Mercedesen buruari ziurtatzeko euskaldunak erakargarriak eta malguak garela, eta are erakargarriago eta malguago ere izan gaitezkeela, enpresa barnean zein erakundeetatik.

Foru eta udal hauteskunde giroa dago jada, alderdiak hasi dira beren hautagaiak aurkezten, ‘boterea’ helburu. Eta formalkeriak eta antzerkiak alde batera utzi eta hauteskundeak benetako botere guneen osaera erabakitzeko antolatzen baditugu? Nafarroan Volkswagen, EAEn Iberdrola, Elkargoan Dassault... Araban eta Gasteizen, Mercedesen administrazio kontseilua osatzeko foru eta udal hauteskundeak, ja!