Otsailaren 17an ospatu zituzten Zuian Arabako Gazte Feministen II. Topaketak, herrialdeko eragile ezberdinetako kideak bilduz Gaztetxean. Arabako neska gazte feministen diskurtsoa eta erantzun moldeak izan zituzten aztergai, beste kontu askoren artean.
Pasa den otsailaren 17 ospatu ziren Zuiako Gaztetxean Arabako Gazte Feministen II. Topaketak, lehenengo topaketetan ateratako eztabaida eta ondorioetan sakontzea xede zutenak. Eguraldi euritsu batek eman zien ongietorria Arabako txoko ezberdinetatik hurbildu ziren norbanako eta neska gazte talde ezberdinei. Tartean zeuden Amurrioko Otsemeak, Laudioko Bagara Nor, Gasteizko Negeak, Aguraingo Inguma eta Zuiako Zeteme; guztira, 30 pertsona inguru. Goizeko 10:00etan eskualdeko produktuez eginiko gosari bero batek eman zion hasiera egunari.
Gosaldu ostean egitarau oparoa egon zen. Hasteko, bi talde ezberdinetan banatu eta eztabaidaren bitartez ekin zioten beste batzuen artean orain Arabako neska gazteen erronka nagusiak diren bi korapilo potolo askatzerari: Arabako neska gazte feministen diskurtsoa eta erantzun moldeak. Sakon eztabaidatu ostean, bloke bakoitzetik ateratako ondorio nagusiak elkarbanatu zituzten plenarioan, eta ekarpenak jaso ziren hemendik aurrera horretan lanean jarraitzeko.
Ondoren, biltegi feminista bat osatzeari ekin zioten, Arabako neska gazteen taldeen artean baliabide ezberdinak elkarbanatu eta kolektibizatzeko asmoarekin. Hiru lantalde sortu ziren (umorez irauli (umore lantaldea), babes sarea eta jai ereduak) eta biltegi feminista sortzeko jarri ziren hiru txokoetatik (biltegi digitala, kartelgintza eta “pedradagintza”) txandakatzen joan ziren bakoitzak bere eremutik baliabideak sortuz.
Bazkalostean zaintza lanak izan zituzten hizpide, izan ere, 2016an ospatu ziren Gazteraiki topaketetatik ateratako Talde Osasun Gidaren aurkezpena izan zuten, ariketa dinamikoez tresna hau zer izango den ezagutuz eta militantzia taldeen, proiektuaren eta norberaren zaintzari buruz hausnartzeko tartea hartuz.
Gauak eta kaleak hartu zituzten egunari amaiera emateko: poteoa eta afaria giro ederrean.
Gazte Udaleku Feministak
Gazte feminista ezberdinek epe motzera izango duten beste hitzordu bat martxoaren 3a izango da. Gazte Udaleku Feministak prestatzeko asanblada deitu dute egun horretarako Gasteizko Gaztetxean. Gainera, Martxoaren 8ko Greba Feministari begira hitzorduek ez dute etenik: gure atal berezian mobilizazio eta agenda kontu ezberdinak ikusgai.
Albiste hau Hala Bediren webgunean argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta