argia.eus
INPRIMATU
Arabako gazte euskaltzaleen topaketak egingo dituzte urtarrilaren 28an Gasteizen
  • Esperientziak trukatzeko asmoz egingo dute jardunaldia, "Arabarra, gaztea, eta euskaltzalea. Bai eta zer?" lelopean. Arabako kuadrilla guztietako gazteak hurbilduko dira Oihaneder Euskararen Etxera.

Topatu.eus @topatu_eus 2017ko urtarrilaren 17a

Arabarrak, gazteak eta euskaltzaleak. Hiru ezaugarri horiek batzen dituzte, eta identitate horien barruan bizi dutena konpartitzeko topaketak egingo dituzte urtarrilaren 28an, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

Arabako kuadrilla guztietako gazteak hurbilduko direla jakinarazi dute, nahiz eta bereziki zailtasunak izan dituzten Trebiñuko eta Añanako gazteak animatzeko. Azaldu dutenez, esperimentu gisa egingo dute eguna, eta, bereziki, haiek gustura egoteko modukoa izan dadila nahi dute.

10:30ean hasiko da eguna, eta herri bakoitzak bere aurkezpena egingo du. Ondotik mintzodromoa eta ondorio eta iritzietarako tartea izango dute. Eztabaiden ostean, bertso saioa, bazkaria eta kontzertuak izango dituzte 20:00ak arte, Orbanak, Odolkiak eta Tinko taldeen eskutik, Gasteizko Gaztetxean.