argia.eus
INPRIMATU
Arabako Foru Suhiltzaileek hiru asteko greba deitu dute
  • Eskakizun nagusienen artean plantilla handitzea, hitzarmen berri bat lortzea eta atseden egunak errespetatzea jaso dituzte ELAk eta LABek. Grebak ez du eragingo eguneroko suhiltzaileen zerbitzuan, baizik eta langileen atseden-egunetan bakarrik, Diario de Noticias de Álavaren arabera.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 15a

Arabako Foru Suhiltzaileek astelehenean hasi dute greba, eta abuztuak 4ra arte izango dela adierazi dute ELAk eta LABek. Hala ere, sindikatuek nabarmendu dute uda osoa hartuko duela, “baldin eta Arabako Foru Aldundia ez bada negoziatzera esertzen langileen egiturazko arazoak konpontzeko”.

Plantilla handitzea da suhiltzaileen eskakizun nagusietako bat. Gaur egun, Arabako parke bakoitzean hiru suhiltzaile daudela azpimarratu dute, eta “eskasa” eta “arduragabea” dela. Lakuak parke bakoitzeko gutxieneko zerbitzuak bi suhiltzaile eta kabo bat direla ezarri duen bitartean, suhiltzaileek eskatzen dute parke bakoitzeko hiru suhiltzailek eta kabo batek egon beharko luketela, Diario de Noticias de Alavak jaso duenez.

Duela zortzi urtetik berritu ez dieten hitzarmen berria ere eskatzen dute. Suhiltzaile Bururik gabe urteak daramatzatela ere salatu dute sindikatuek, eta urte horietan erabakiak hartu dituen Zuzendari-Gerente Alberto Amenabarren kargugabetzea eskatu dute, “kudeaketa txarragatik eta nortasun gatazkatsuagatik”. Horrez gain, langileek salatu dute errefortzuak ez dituztela gutxieneko zerbitzutzat hartzen.

Hala ere, langile bakoitzak bere atseden-egunean bakarrik egingo duela greba informatu du Diario de Noticias de Álavak. Suhiltzaileek gutxieneko zerbitzuen %100 egitea eskatu dute “erantzukizunagatik”, Lakuak zerbitzuen %75 egitea proposatu duen bitartean. Hori dela eta, egunerokoan suhiltzaileen zerbitzua ez da aldatuko, greba atseden-egunean bakarrik egingo dutelako. “Egun batean 24 orduz lan egiten badugu, gero hiru atseden-egun jarraian izaten ditugu. Baina foru agindu berriarekin, udan suhiltzaile bakoitzak jarraian dituen hiru egun libreetatik, bigarrenean erabilgarri egon beharko du, larrialdi batera joan behar badu ere”, azaldu dute suhiltzaileek, egunkari arabarrak jaso duenez. Atseden-eguna ez errespetatzea “onartezina” dela salatu dute, eta inposaketak bertan behera uztea eskatu dute. Inposaketa horiengatik inolako negoziaziorik edo aparteko ordainik ez dagoela esan dute.