argia.eus
INPRIMATU
660.000 euro arteko isuna COVID-19 neurriak ez betetzeagatik eta egoiliar bat lotzeagatik
  • Osasun protokoloak jasotzen dituen neurriak ez bermatzeagatik eta egoiliarrak logeletan isolatzeko moduagatik, besteak beste arrazoirik gabe lotuta edukitzeagatik, isunak jarriko dizkio Arabako Foru Aldundiak Arroiaben (Arratzua-Ubarrundia) dagoen San Francisco Javier egoitzari. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2021eko urtarrilaren 18a
Argazkia: Eitb.eus

Eldiario.es hedabideak eman du albistearen berri. Arabako Foru Aldundiak bi zehapen-espediente ireki ditu Arratzua-Ubarrundiako Arroiabe kontzejuan dagoen adinekoentzako egoitza pribatuan. 660.000 euroko zigorra eskatu du: 600.000 euro erabiltzaile bat arrazoirik gabe lotzeagatik, (arau-hauste oso larritzat kalifikatua), eta 60.000 euro falta larri bategatik, alegia, koronabirusaren aurkako prebentzio protokoloak ez betetzeagatik.  Aneim (ATE) enpresak Foru Aldundiari jakinarazia dio San Francisko Javier zentroa ixteko asmoa duela. 

Irregulartasunak osasun protokoloan 

Joan den udazkenean, azaroaren hasieran, COVID-19aren agerraldi bat izan zen eta hamabi erabiltzaileetatik bederatziri eragin zien gaitzak, eta hala, zentroak egoiliar guztiak konfinatu zituen. Foru ikuskaritzaren lehen bisitan, 2020ko azaroaren 11n, gutxienez 32 irregulartasun hauteman zituen osasun-protokoloan. Egoitzan bi hildako eragin ditu birusak.

Eldiario.es egunkariak jakinarazi duenez, ez zuten langile nahikorik eta COVID-19 zutenak artatu ondoren gaixo ez zeudenekin harremanetan egoten ziren. Egun bat geroago, beste ikuskapen bat egin zen, eta  bestelako irregulartasun batzuk aurkitu zituzten, hala nola, logeletan 'erdi isolatuta' jartzen zuten kartelak ikusi zituzten, eta logela horietako erabiltzaileek berez berrogeialdian egon behar zuten. Emakume bat bere logelan arrazoirik gabe lotuta aurkitu zuten. Langileek adierazi zuten bakartzea mantendu ahal izateko lotu zutela emakumea, kanpora atera ez zedin. Ikuskaritzak adierazi du kudeatzaileek horrela jokatu zutela jokabide alderraiak dituzten pertsonen beharrei erantzun ahal izateko langile falta zutelako.