EH Bilduk baino boto gutxi batzuk gehiago lortuta irabazi du EAJk Araban foru hauteskundeetan, eta eserlekuei dagokionez, bat gehiago besterik ez lukete lortuko jeltzaleek EH Bilduk baino, behin betiko azken emaitzen faltan. PPk eserleku bat irabaziko luke, eta PSEk eta Podemosek eserleku bana galduko lukete. Bestalde, Vox lehen aldiz sartuko da Arabako Batzar Nagusietan, eserleku batekin.
[[hauteskundeak grafikoak estua 2023 M28 batzar-nagusiak araba]]
Bototan beherakada nabarmena izan duen arren, EAJk eutsi egin dio Araban lehenengo indar politikoa izateari. EH Bildurekin lehia estua izan du hala ere. Oso alde txikirekin irabazi dituzte Arabako Batzar Nagusietako hauteskundeak jeltzaleek, eta hauteskunde gauean kontaketak aurrera egin arte EH Bildu gainetik izan dute botoei dagokionez eta sorpassoa emateko zorian izan da Eva Lopez de Arroyabideren taldea.
2019a baino 10.000 boto inguru gutxiago jaso du EAJk lau urte geroago, baina hala ere garaile atera da Araban, botoen %25,87 lortuta eta 15 batzarkiderekin –2019an baino bi gutxiago–.
EH Bilduk, berriz, gora egin du nabarmen, azken urteetan lurralde honetan izan duen joerari eutsita, eta portzentaje aldetik puntu bakarrera gelditu da jeltzaleengandik, botoen %24,99 lortuta –zenbaketa %97,5ean zegoeneko datuak dira honakoak–. Batzarkideei dagokionez, bi eserleku irabazi ditu koalizio independentistak eta 14 ordezkari izango ditu Batzar Nagusietan, EAJk baino bat gutxiago soilik.
Aldiz, PSE-EEk eserleku bat galdu du eta bederatzi batzarkiderekin geratu da, lehenengo biekiko oso urrun. PPk sozialisten emaitzak berdinduko lituzke eserlekuei dagokionez. Elkarrekin-Podemosek ere bototan beherakada handia izan du eta eserleku bat galduko du 2019ko hauteskundeekin alderatuta.
Bestalde, eskuin muturreko Vox alderdiak, botoen %3aren langa gaindituta Arabako Batzar Nagusietan ordezkaritza izango luke lehen aldiz, batzarkide batekin.