PPk izan ezik, ordezkaritza duten gainerako alderdi politiko guztiek –EAJ, EH Bildu, PSE eta EB– berretsi dute Trebiñu Arabako koadrilatzat hartzearen aldeko mozioa eta Javier de Andres Arabako Ahaldun Nagusiaren eta Espainiako Kongresuaren jarrera kritikatu dute.
PPk eta PSOEk atzera bota zuten azaroaren 18an Trebiñu Araban sartzeari buruz Eusko Legebiltzarrak Espainiako Kongresuan aurkeztutako proposamena.
EAJk uste du zentzugabea dela Trebiñuren egoera XXI .mendean. Ramiro Gonzalez EAJko bozeramaileak Arabako ahaldun nagusiaren eta Espainiako Kongresuaren jarrera kritikatu ditu eta gaineratu du, akordioak eta hitzarmenak bata bestearen atzetik sinatzeak ez duela ezer konpontzen.
Mozioa babesteaz gain, EH Bilduk dei egin die gainerako alderdi politikoei: “Uste dugu bide legal guztiak jorratu ditugula erantzunik gabe”. Gorka Ortiz de Guinea koalizioko bozeramaileak alternatiba berriak eraikitzeko deia egin du, “behingoz auziari irtenbidea emateko”.
PSEk berriz, Gaztela eta Leonekin negoziatzeko hautuari eutsi dio: “Prest gaude akordioetara heltzeko, ez ekintzen bidetik, baina bai bide demokratiko eta instituzionaletatik”.