EH Bilduk aurkeztutako proposamena babestu dute Arabako Batzar Nagusietako alderdi guztiek. Aldundiak herrialdeko agroelikadura estrategia jasangarri bat adosteko prozesua diseinatu beharko du.
2018ko uda aurretik, herrialdean nekazaritza elikagaiei loturiko estrategia jasangarri baterako oinarriak aurkeztu beharko ditu Aldundiak. Estrategia hori garatzeko prozesu parte hartzailearen nondik norakoak ere prestatu beharko ditu erakundeak.
Prozesu parte hartzaile horretan herrialdean elikaduraren eta nekazaritzaren alorrean diharduten eragile zein norbanakoak parte hartzea eskatu dute Arabako Batzar Nagusietako alderdi guztiek. Kontsumitzaileen elkarteak, ekoizleak, tokiko erakundeak eta alderdi politikoak besteak beste.