argia.eus
INPRIMATU
‘Arabako Alea’-k egoitza berria ireki eta irudia berritu du
  • Zapatari kalean dago Arabako euskarazko hedabidearen egoitza berria. Harpidetza berriak lortzeko kanpaina ere abiatu du, Zero kilometro, batzen gaituen distantzia lelopean.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 01
Argazkia: Arabako Alea

Iragan ostegunean estreinatu zuen egoitza berria Arabako Aleak, langileak, kolaboratzaileak eta gertuko lagunak batu zituen ekitaldian. Alearen alde topa eginez eman zioten amaiera inaugurazioari. Lantokiarekin batera, logoa eta irudi korporatiboa ere berritu ditu Araba mailako euskarazko hedabideak.

“Landare bati begira geratzen bagara, nekez ikusiko dugu aldaketarik, ez dugu inondik inora hazten ari denik ere antzemango. Kontrara, toki egokian kokatuta eta behar dituen zaintzak eskainita, konturatu orduko, atzean utziko du hasiera batean antzemandako ahultasuna”, azaldu du aldaketen berri emanez Aleak zabaldutako Loratu arte idatziak. 2015ean jaio zen Alea, eta urtez urte proiektua sendotzen doa.

Komunitatearen bultzada

Egoitza eta irudi berritzearekin batera, “Aleakide” berriak lortzeko kanpaina ere abiatu du Aleak, Zero kilometro, batzen gaituen distantzia lelopean. “Arabako euskaltzaleen bultzadari esker sortu zen ALEA 2015ean, euskara hutsean garatutako kazetaritza proiektu bat abian jartzeko asmoz. Pixkanaka aurrera egiten jarraitzen dugu, baina luze eta zabal hedatu ahal izateko beharrezko dugu gure komunitatearen bultzada”, azaldu dute.