argia.eus
INPRIMATU
Arabako Aldundiaren publizitatea: nora doa diru publikoa?
  • Zein dira publizitate bidez diru publiko gehien jasotzen duten hedabideak? Arabako Aldundiak publizitatea zein mediotan inbertitzen duen aztertu du Hala Bedik. El Correo de Álava da jaun eta jabe, publizitatearen %31,8a jasotzen baitu; nagusiki euskaraz aritzen diren hedabideek, aldiz, %7,4a jasotzen dute orotara.

Hala Bedi @halabedi 2018ko martxoaren 15a

Erakundeek milaka euro bideratzen dituzte urtero publizitatera euren kanpainen, nobedadeen edo propaganda politikoaren berri emateko. Hau ez da berria: diru publikoa interes instituzionalerako erabili ohi dute udalek, aldundiek edo Eusko Jaurlaritzak. Arabako Aldundiak, adibidez, 594.718,79 euro gastatu zituen 2017an zeregin horretan. Hedabideetan erositako publizitateaz ari gara, besteak beste, ‘Hileko arabarra’, ‘Errenta’, ‘San Prudentzio’ edo ‘Errege Kopa’ iragartzeko. Erreportaje honen helburua herritarroi ezkutatzen diguten diru publikoaren inguruko informazioa argitzea da.

El Correo de Álava nagusi, Noticias de Álava, gertutik
Arabako Aldundiak publizitatean inbertitzen duen diruaren %31,8a (189.475,35 euro) El Correo de Álava egunkarira bideratu du 2017an. Jaun eta jabe da El Correo herrialdean, besteak beste, publizitatean eta bestelako diru-laguntzetan diru gehien jasotzen dituen hedabidea delako. Adibide bat jartzearren, El Correok gaztelaniaz informatzen badu ere, “sarean euskara sustatzeagatik” diru gehien jaso duen hedabidea da Araban: 2017an 73.000€ eman zizkion Eusko Jaurlaritzak, Berriari arrazoi beragatik eman zioten kopuru bera.

Batez beste, 3.343 egunkari saltzen ditu egunean Noticias de Álavak, El Correok Araban saltzen dituen 12.144 aleetatik oso urrun. Hala ere, Arabako Aldundiko publizitatetik jasotako dirua ri dagokionez, bien artean ez dago horrenbesteko alderik. 116.213 euro jaso zituen 2017an Noticias taldeko egunkariak eta Vocentokoak 189.475 euro. Irismenaren izenean zaila da ulertzen, baina are konplikatuagoa da ulertzea zergatik jasotzen duten bi egunkari horiek Arabako Aldundiaren publizitate guztiaren %51a: 300.000 euro baino gehiago.
 

 

Euskarazko hedabideen gutxiespena
Datuek argi hitz egiten dute: Arabako Aldundiak publizitatera bideratzen duen diruaren %7,4a baino ez dute jasotzen nagusiki euskaraz aritzen diren hedabideek.

Arabako Aleak, Aiaraldeak eta Argiak 15.000 euro baino gutxiago jaso dituzte, Onda Cero irrati kateak berak bakarrik jasotakoa baino gutxiago. Eta hau, adibide bat baino ez da.Beste adibide bat: El Correo de Álavak baino askoz diru gutxiago jasotzen dute nagusiki euskaraz aritzen diren hedabide guztiek (%7,4), Vocento taldeko egunkariak diruaren %31,8 irabazi zuen. Bi multzotan banatuz gero, EITB Sustraiak, Berriak, Argiak, Aiaraldeak, Arabako Aleak, Aitzina Folkek, Hamaika TBk eta Gorbeiaberriak batera jasotako sos kopurua laukoiztu egiten du El Correo de Álavak berak bakarrik.

Nabarmentzekoa den beste datu bat honakoa da: Arabako lurralde osora hedatzen den euskarazko hedabide batek (Arabako Alea, kasu) eremu txikiagoan ari diren beste zenbait hedabidek baino diru gutxiago jasotzen du. Publizitatea banatzeko irizpidea irismenaren araberakoa balitz ere, ez litzateke ulertuko diferentziaren zergatia.

 

Eta gainerako erakundeak?
Datu hauek hedabideek publizitatetik jasotzen duten zati txikia baino ez dira. Argazki osoa egiteko ezinbestekoa da kontuan izatea gainerako instituzio publikoen publizitatetik doakien dirua: udalak, Eusko Jaurlaritza, enpresa publikoak, Espainiako Gobernua, eta abarrak. Araban gehien saltzen diren egunkari, telebista eta irratiek osatzen duten enpresa-taldeek milioiak jasotzen dituzte urtero funts publikotik; irizpide argirik gabe eta modu opakuan, publizitate, babesletza, lan tekniko eta diru-laguntzen bitartez.

 


 

*OHARRA: Hala Bedik ez du publizitaterik jartzen. Albiste hau argitaratzean Hala Bediren asmoa ez da publizitate-dirua jasotzen hastea. Diru publikoaren banaketari dagokionez, euskarazko eta herri ekimeneko hedabideen eta nagusiki gaztelaniaz ari diren komunikabideen arteko arrakala salatu
nahi dugu

Albiste hau Hala Bedi irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.