argia.eus
INPRIMATU
Arabako Aldundiak Solariaren hiru parke fotovoltaikoren aurkako alegazioak aurkeztu ditu
  • Solaria enpresaren Zierbena 2, 3 eta 4 proiektuak lurraldean luketen eragina “onartezina” dela diote aldundiaren txostenek. Jaurlaritzak hartuko du azken erabakia, behin alegazio epea amaituta. Solariak gutxienez 25 parke fotovoltaiko ezarri nahi ditu Araban. Urrian horien kontrako manifestazioa deitu dute hainbat eragilek.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko irailaren 19a
Solaria enpresaren parke fotovoltaiko bat. Argazkia: solariaenergia.com

Lau txosten aurkeztu ditu Arabako Foru Aldundiak Solariak Araban aurkeztu dituen lehenbiziko hiru proiektuen aurka, sail ezberdinek eginak: Nekazal, Ingurumen eta Kultura sailek, eta Errepideen Zerbitzuak. Proiektu bakoitza aztertzen dute txostenek, eta Arabako Aleak eta Berriak jaso dutenez, denek egiten dute hiru proiektuen aurka. Aldundiaren arabera, Solariak Erriberabeitian, Zigoitian eta Iruña Oka eta Gasteiz artean kokatu nahi dituen parke fotovoltaikoek kalte handia eragingo lukete nekazaritza eta abeltzaintzarako egokiak diren lurretan, ingurumenean eta lurralde antolamenduan.

Solariaren “kalitate txikiko” txostenak

Aldundiak kritika zuena egin die, halaber, Solaria multinazionalak aurkeztu dituen ingurumen inpaktu txostenei. “Kalitate txikikoak” izatea eta “gabezia eta akats oso esanguratsuak” izatea leporatu die. Azpimarratu du inpaktua neurtzeko orduan ez direla soilik eguzki plakak aintzat hartu behar, baita eskatzen duten azpiegitura osoa ere. Aldundiak aipamen zuzena egiten dio lurraldea zeharkatuko lukeen Oso Goi Tentsioko Lineari, energia Zierbenaraino eramango lukeena.

Alegazio epea irekita dago oraindik. Orain arte udal eta kontzeju ugarik aurkeztu dituzte alegazioak, eta uztailean hainbat elkarte eta mugimendu herritarrek 50.000 alegazio indibidual baino gehiago aurkeztu zituzten. Azken erabakia Eusko Jaurlaritzarena da.

25 proiektu gutxienez, eta kontrakotasun handia

Aldundiaren aurretik Arabako hainbat eragilek kritikatu dituzte bai Solariak lurraldean dituen proiektuak, bai enpresak “iruzur” egin duela horiek aurkeztean, besteak beste proiektu bateratua dena zatikatuta aurkezteagatik, bere onarpena ahalbidetzeko. Estitxu Eizagirre kazetariak albiste honetan laburbildu zuenez, “Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, Solaria Eguzki Sorkuntza SLUk Araban eguzki-zentralak jartzeko egin dituen eskaerak 25 dira, hamabi herriri eragiten diotenak. Horietatik 24 dira 49,89 MWko potentzia edo gehiagokoak: denen artean 1.234 MW baino gehiago batuko lituzkete eta 3.455 hektarea lur baino gehiago estaliko lituzkete Gasteiz, Gorbeialdea eta Añana eskualdeetan. Argindar hori Bizkaira eramateko asmoa du Solariak, horretarako 100 kilometrotik gorako goi tentsioko linea eraikita”.

Solaria lurjabe txikien aurka “xantaia” edo “jazarpena” baliatu duela ere salatu dute azken hilabeteetan UAGA sindikatuak edo Lurra sareak. Oro har “estrategia mafiosoa” erabiltzea leporatu zion enpresari Gorbeialdea Defendatu plataformako kide Unai Pascualek elkarrizketa honetan. Hamasei elkartek Solariaren asmoen aurkako manifestazioa deitu dute urriaren 26rako, Gasteizen.