Larraitz Ugarte bozeramaileak jakinarazi du Gipuzkoako Aldundiak Markel Olano, Eneko Goia, Felix Urkola eta Luis Mari Apraizen deklarazioa eskatuko duela lekuko gisa.
Gipuzkoako Aldundiak apirilaren 27an salatu zuen Bidegik AP-1eko Eskoriatza-Arlaban tartean 10,1 milioi euro ordaindu zituela Arabako zatian egin gabeko lanengatik. Arabako Aldundiari hori horrela izan zen jakiteko informazio eskaera egin zion foru erakundeak eta honen erantzuna jaso berri du: zati horretan ez zen “inolako lanik” egin.
Ugartek oso larritzat jo du Arabako Aldundiak bidalitako dokumentazioa: “Ezer egin gabe jaso zituzten enpresek 10 milioi euro. Hau oso larria da, ikaragarria gure gizartearentzat, eta garaiko arduradunek azalpenak eman behar dituzte” azaldu du prentsaurrean bozeramaileak.
Azkeneko datuok eskuetan, jakinarazi du Aldundiaren ustez “ardura politiko larriak” izan ditzaketen lau lagunen deklarazioa eskatuko dutela ustezko iruzurragatik Azpeitiko epaitegian zabalik dagoen auzian, denak EAJri estuki loturikoak: Markel Olano diputatu nagusi ohi eta egungo hautagaia, Eneko Goia Azpiegitura diputatu ohi eta Donostiako alkategaia, Felix Urkola Lazkaoko alkategaia eta Luis Mari Apraiz Arrasateko zinegotzia.
Bidegi auzian dagoeneko bi kereila ditu sartuta Gipuzkoako Aldundiak eta zantzuak daude denera 30 milioi euro gehiago ordaindu zirela AP-1eko obretan egin gabeko obrengatik. Markel Olanok ARGIAk antolatutako aurrez aurrekoan honakoa esan zuen: “Bidegin dirua zuzen erabili zela diot publikoki, baina hori zeinek erabaki behar du?”.