argia.eus
INPRIMATU
Arabako adineko egoitza pribatuetan greba eguna dute “lan hitzarmen duin baten alde”
  • ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, mobilizazio eguna dute gaur. Martxoaren 24an izango dute bigarren greba eguna.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 17a
Langileen protesta. (Argazkia: ELA)

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute greba eta "lan prekarietatea" salatu nahi izan dute. ELA sindikatuak adierazi duenez, langileak aldundiaren eta enpresen arteko borrokaren erdian daude eta mobilizazioekin jarraituko dute hauek, hitzarmena lortzeko asmoarekin. 

Langileek 1.000 euro baino gutxiagoren truke, urtean 1.792 orduz lan egiten dutela salatu dute, zehaztuz enpresek ez dituztela betetzen urteko egutegiak eta azken orduko txanda aldaketak izaten dituztela. Baldintzak Bizkaiko eta Gipuzkoako langileenak baino prekarioagoak dira, 1.400-1.500 euroko oinarrizko soldata baitute beste lurraldeetan, urtean lan ordu gutxiagorekin.

Zahar egoitzetako erabiltzaileei hurbileko arretarik eta behar duten denbora ezin dietela eskaini deitoratzen dabiltza, horrek langileengan eragiten duen "higadura fisiko, emozional eta psikologikoarekin" –pandemiarekin larritu egin dena–.

Lanuztera gehitu diren langileek giza katea egin dute goizeko 11etan, Gasteizko Udaletxetik Foru Aldundiaren egoitzara arte. Arabako Pentsionistak eta Babestu elkarteek deialdiarekin bat egin dute. Berria egunkariak plazaratu duenez, langileek bi urte daramatzate beren lan baldintzen alde borrokan eta pandemiak are gehiago okertu du egoera.