argia.eus
INPRIMATU
Arabak eta Gipuzkoak botiken berrordainketa ezartzeko datuak emango dizkiote Espainiako Gizarte Segurantzari
  • Botiken berrordainketa Hego Euskal Herrian ezartzeko urratsak ematen ari da Espainiako Gizarte Segurantza eta aste honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiei euren ogasuneko datu-baseak eskatu dizkie.

2012ko ekainaren 07a
Botikengatik ordaintzea onartu zuen apirilean Espainiako Gobernuak

Arabak eta Gipuzkoak ez dute problemarik agertu datu horiek bidaltzeko. "Horretan lanean ari gara dagoeneko" adierazi dute Arabako aldundiko ordezkariek. Gipuzkoako aldundiak errutinazkotzat jo du informazio hori bidaltzea eta ez dute baloratu nahi izan berrordainketa zuzena den ala ez.

Bizkaiko Foru Aldundia da momentuz datu horiek bidaltzeko traba gehien agertzen ari dena. EAJk gidatutako erakundeak Eusko Jaurlaritzak gai horretan hartuko duen jarrera ezagutu nahi du aurretik. Jose Maria Iruarrizaga ogasun diputatuak adierazi du daturik bidali aurretik EAEko Zerga Koordinaziorako Organoak elkartu beharko lukeela, lehendakariak bere asmoak azaldu ditzan.

Jaurlaritzak EAJren jarrera kritikatu du: Idoia Mendia bozeramaileak atzo adierazi zuenez, fiskalitatearen konpetentzia foru aldundiena da eta datu horiek bidali ala ez beraiek erabaki behar dute. Lopezen gobernuak koordainketa geldiarazteko ahaleginak egingo dituela gaineratu zuen Mendiak.