argia.eus
INPRIMATU
Araba Euskarazek milaka lagun elkartu ditu Bastidan
  • Bero handiarekin, baina giro apartan, ospatu dute Arabako ikastolen jaia, Bastidan. 30 gradutik gorako tenperaturak ez dira oztopo izan, eta  milaka lagun hurbildu dira gaurkoan Bastidara, Arabako ikastolen jaia ospatzeko.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko ekainaren 19a
Bastidan ospatu zen Araba Euskaraz igandean. (Arg.: Arabako alea) Bastidan ospatu zen Araba Euskaraz igandean. (Arg.: Arabako alea)

Wow lelopean, Bastida ikastolak ekintzez beteriko egitaraua prestatu du, eta horrekin batera, 1,5 kilometroko ibilbide laburra, laua eta erraza. Hala, bisitariak gune batetik bestera erraz mugitu ahal izan dira. Ibilbide horretan, hiru gune egokituko dituzte: nagusiena, Esnebidea izenekoa, Andromeda eta Prometheus. Bertan, umeentzako zein helduentzatko jarduerak izan dira, musika eta giro aparta lagun. 

Goizeko 10:00etan hasiera eman diote ospakizunari, Bastida ikastolako arduradunek eta erakundeetako zein alderdietako zenbait ordezkarik, tartean, Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. Ondoren, ibilbideari buelta eman diote. 

Geroago, aurtengo omenduen txanda heldu da. Bastida ikastolak ikasle ohiei omenaldia eskaini diebereziki zientzia eta teknologiaren bidea hautatu dutenei. Ikasle horien guztien ordezkari gisa hiru lagun aukeratu dituzte: Jesus Garcia, Ruben Egiluz eta Maria Ruiz. Era berean, datorren urtean Araba Euskaraz hartuko duen ikastolari lekukoa pasa diote; Argantzun ikastolari, hain zuzen ere.

 

 

 

Albiste hau E. Anda eta S. Fdez de Arangizek idatzi dute Arabako Alean, eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra