argia.eus
INPRIMATU
Araba Euskaraz 2020 gosez, sortzaileak eta herritarrak asez
  • Urriaren 17an eta 18an Amurrio Antzokian botako du Aresketa Ikastolak aurtengo Araba Euskarazeko azken traka. Ahotsenea eta tokiko sortzaileen eskutik, kontzertu eskaintza zabala prestatu dute.

Izar Mendiguren Cosgaya @itzulipurdika Aiaraldea @aiaraldea 2020ko urriaren 12a
Duela urtebete aurkeztu zuten 2020ko Araba Euskaraz. Argazkia: Aresketa Ikastola.

Urriaren 18an ekimen berezi batekin piztuko dira 2020ko Araba Euskarazeko azken txinpartak Amurrion. Izan ere, Durangoko Azokan urtero egin izan den Ahotsenea guneak Euskal Herriko lau txokotan botako ditu sustraiak; Amurrio horien artean. 

Aresketa Ikastolak "Darabagu" lemapean antolatutako dinamiketan azkena izango da datorren asteburukoa. Ez edonolakoa, ordea. Urte osoan zehar kultura, hezkuntza eta euskararen ekosisteman murgilduta aritu dira, eta "festa" batekin emango diote amaiera aurtengo egitasmoari.

Larunbatean, tokiko sortzaileak nagusi

Amurrio Antzokian izango da hitzordua, urriaren 17an eta 18an. Larunbatean Araba Euskarazeko abesti eta bideoklipean parte hartu duten sortzaile batzuen emanaldia egongo da: Sabin Guaresti, Aiala Mendieta eta Bad Sound, hain zuzen.

18:30ean hasiko da kontzertua Amurrio Antzokian eta, Aresketa Ikastolako kideek adierazi dutenez, 20-30 minutuko kantu saioak izango dira. Talde aldaketen tarteetan emakume bertsolariek josiko dute saioa, eskualdeko bertso eskolakoekin eta Ane Labaka Mayoz zein Oihana Bartra Arenasekin.

Urriaren 18an, egun osoko jaialdia

Igandean, berriz, Ahotsenea proiektuak jantziko du Amurrioko oholtza. Araba Euskarazekin elkarlanean 8 musika talderen aurkezpenak egingo dituzte. 11:00etan izango da lehenbiziko kontzertua, eta 14:00ak arte iraungo du goizeko txanpak. Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 20:00etara luzatuko da egitaraua. 

Amurrio Antzokiko ekitaldietarako sarrerak www.arabaeuskaraz.eus webgunean erreserbatu beharko dira, eta maskara derrigorrezkoa izango da

COVID-19 birusak eragindako pandemiaren ondorioz, ordea, segurtasun eta osasun neurriak bete beharko dira. Hargatik, aforoa mugatua izango da. Txartelak www.arabaeuskaraz.eus webgunean erreserbatu beharko dira, eta pertsona bakoitzak aulki bakarra izango du egun osorako. Segurtasun distantzia bermatzeko, txandaka gozatu ahalko da emanaldiaz, beraz. Ildo beretik, derrigorrezkoa izango da maskaren erabilera, eta areto barruan behin egonda ezingo da saioa bukatu arte aulkitik altxatu. 

Ondorengoak dira bertaratuko diren taldeak: Kyxo, Otuz, Deiedra, La Rekba, Hook, Basaki, Sorkari eta Perlata. Aiaraldea Hedabideak zuzeneko emisioa eskainiko du webgunean, Araba Euskarazen streamingari esker.

Koronabirusak euren hasierako asmoa nabarmen baldintzatu duen arren, jarduera ugari garatu dituzte azken hilabeteetan Aresketa Ikastolako kideek. Esate baterako, "Bazen behin Darabagun..." ipuin kontaketa katea osatu dute.