argia.eus
INPRIMATU
Araba eta Gipuzkoako zahar etxeetako langileak grebara
  • Urriaren 6an, ELAk pandemiaren ondorioz gelditutako greba luzea berriz hasiko du Gipuzkoan. Egun berean LABek grebara deitu du. Araban, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek hiru eguneko greba deialdia egin dute adinekoen egoitza pribatuetan.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 28a
Lau sindikatuak zahar egoitzetako protesta batean elkarrekin.

ELAk joan den astean jakitera eman zuen urriaren 6tik aurrera Gipuzkoako egoitzetako langileak berriz ekingo diotela grebari. Orain bi urte hasitako borrokari berriz ekin beharra ikusi dute sektoreko beharginek, egun pandemia aurretik zituztenak baino lan baldintza okerragoak baitituzte. 243 eguneko greba egin zuten pandemia hasi aurretik.

LABek urriaren 6rako greba eguna deitu du. Bi sindikatuek, bakoitzak bere aldetik egingo dute greba. LABek adierazi du badela garaia langileek euren funtsezko eginkizuna aitortuko duen hitzarmena izan dezaten. Foru Aldundiaren eta patronalen pasibotasunak eta desadostasunak grebara bultzatu dituela esan du. Adinekoentzako arreta-eredu berri bat sortzeko beharra berretsi du sindikatuak, “ereduaren erdigunean gure adinekoak jar daitezen, eta ez enpresa kudeatzaileen negozioa”.

Araban ere bai

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek hiru eguneko greba deialdia iragarri dute egoitza pribatuetan. Urriaren 7an, azaroaren 11n eta 25ean izango dira. Irailaren 30ean Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute. Udazkenean bestelako mobilizazioak ere izango dira.

Salatu dute sindikatu bakar batek ere ez duela izan Arabako hitzarmen probintzialaren negoziazio mahaia irekitzeko eskaeraren berri. Beharrezkotzat duten hitzarmenerako negoziaketak hastea eskatzen dute sindikatuek.

Salatu dute langileen lan baldintzek txarrak izaten jarraitzen dutela, zeharo feminizatutako zaintza sektorean eta sektoreko lan-baldintzak ez direla utzi behar etekinak lortzeko helburu bakarra duten enpresen esku.