Bi alderdiek azaldu dutenez "elkarrizketak" abiatu dituzte zerga sistemaren inguruko erreforma egiteko. Helburuetako bat "progresibitatea handitzea" izango dela diote, baina prozesua udal eta foru hauteskundeen ondoren amaituko dela ohartarazi dute.
2013ko eta 2018ko zerga erreformen ondoren, berriz ere fiskalitatearen gaiari heltzeko asmoa erakutsi dute EAJk eta PSEk. Azaldu dutenez, harremanak hasi dituzte horren inguruan hitz egiteko, "alderdi biek ezinbesteko jotzen baitute progresibitatea areagotzeko eta euskal gizarteak aurre egin beharko dien erronkei erantzuteko", diote prentsara bidalitako ohar bateratuan.
Eusko Jaurlaitzako bi alderdiek, baina, oharrean ez dute zehaztu arau fiskal berriek zer neurri hartuko luketeen, "progresibitatea" areagotzetik harago: "Euskadikoa moduko gizarte modernoak fiskalitatearen bidez erantzun behar die, aberastasuna banatzeko eta desparekotasun-egoerei aurre egiteko tresna boteretsua baita, esparru ezberdinetan biziko diren eraldaketa nagusiei", diote.
Oharrean ez dute zehaztu arau fiskal berriek zer neurri hartuko luketeen, "progresibitatea" areagotzetik harago
Nolanahi ere, ohartarazi dute elkarrizketa hasi besterik ez direla egin eta ziurrenik maiatzeko udal hauteskundeen ondotik ezin izango dela erreforma hori aurrera eraman.
Iragarpena egin eta berehala lehen erreakzioak izan dira sindikatu eta oposizioko alderdien artean. Elkarrekin Podemosek begi onez ikusi du erreformari ekitea, baina "hauteskunde kutsua" duela dio eta gogorarazi du 2020an erreforma fiskal baterako egin proposamenari ezezkoa eman zitzaiola.
EH Bilduk, bere aldetik "propaganda" besterik ez du ikusten: "8 urte daramatzate politika fiskalaz arduratzen diren hiru erakundeak gobernatzen eta ez dute ezer egin", azaldu du koalizio abertzaleak. Nabarmendu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak desegiteko "bi hilabete eskas falta direnean" hasi dutela prozesua EAJk eta PSEk.
ELAk ere oharra kaleratu du bere ondorioekin. Azaldu duenez, sindikatuak urteak daramatza beste fiskalitate bat eskatzen eta orain arte "entzugor" egin zaiola. Hartu beharreko neurrien artean, enpresen irabazien gaineko zerga %25ean kokatzea eskatu du, eta datu bat ere eman du: zerga horrekin 2007tik ona jasotako diru kopurua erdira jatsi da.