2003az geroztik ezin zuten EHUn matrikulatu. Iaz ireki zitzaien aukera, eta hitzarmena sinatzear dago orain.
Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako espetxeren batean preso dagoenak EHUn ikasi ahal izango du aurki, era "ofizialean". Naiz-ek jakinarazi duenez, Jaurlaritzak prest dauka zirriborroa, azken sinaduraren faltan.
Etxerateko Ikasketa Taldea ari da Jaurlaritzarekin negoziatzen. Espetxearen eskumen aldaketaz geroztik, EHUn ikastea "normalizatzeko" urratsak lantzen ari dira. Izan ere, berez, aurreko ikasturteaz geroztik presoek badute aukera EHUn ikasteko, baina ezer finkorik ez dago garatuta; laster espero da hitzezko akordioa hitzarmen batean jasotzea.
Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeei egiten die erreferentzia aipaturiko aurre-hitzarmenak. Iruñeko espetxea, Espainiako Justizia Sailaren esku egonik, ez da hitzarmenean jasoko. Horretan ere ari dira lanean Etxeratekoak, NUPen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa sustatzen.
Geldirik, 2003az geroztik
2003 arte presoek EHUn ikasteko aukera bazuten, baina kanpaina mediatiko gogorraren ondorioz, euskal presoek EHUn ikasteko "pribilegioa" zutela esanda, espetxe politika legea erreformatu zuen Espainiako Gobernuak. Etxerateko Ikasketa taldearen arabera, Naiz-i salatu dionez, "trikimailu legal bat" izan zen hura, "helburu bakarra euskal presoei EHUn ikasteko eskubidea kentzea" zuena. Erreforma haren ondorioz, Espainiako espetxeetako preso guztiak UNEDen ikastera behartu zituzten.
EHUk hainbat errekurtso jarri zituen, eta Jaurlaritzak gutxienez 2006an eta 2011an eskatu zion Espainiako Gobernuari hitzarmena sinatzeko. Frantziako Gobernuarekin, aldiz, kontuak aldatu ziren 2011n; sententzia baten ondorioz, EHUn ikasteko eskubidea berreskuratu zuten presoek.