Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko EAEko hezkuntza zentro guztietako klaseak etetea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Hala, lehendik eskolak bertan behera zeuden Araban eta Balmasedan eta orain Bizkaia eta Gipuzkoara ere zabaldu du neurria. Nafarroa,, Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoan ere ostegun arratsaldean hartu dute erabaki bera, eta astelehenetik aurrera eskola guztiak itxita izango dira.
Ostiraletik, aurrez aurreko eskolak bertan behera egongo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamabost egunez. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ostegun eguerdian eman du jakitera erabakia. Covid-19 edo koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartu dute neurria.
Haurreskolak Partzuergoko zentroetako haurrek eta unibertsitateetako ikasleek ere ez dute aurrez aurreko eskolarik jasoko. Eskolaz kanpoko jarduerak ere eten egingo dira.
Murgak azaldu duenez "haurrak sano daude, baina haien bidez transmisioa errazago gertatzen dela badakigu eta beldur gara haien etxeetara eraman dezaketela gaixotasuna".
Hala ere, "ahal den neurrian" haurrek ikasten jarraitu behar dutela azaldu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak: "Ahalegina egin behar dugu egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten", horregatik ikastetxeetako langileak bere ohiko ordutegian egongo dira zentroetan Jaurlaritzaren erabakiz.
Eusko Jaurlaritzak zabaldutako oharrean zehazten duenez, irakasgaiak prestatu eta materiala ikasleen eskura jartzea izango da zentroetan geratuko diren irakasleen eginbeherra. Horretarako Hezkuntza sailak argibideak emango dizkie.
Nafarroan ere bai
Nafarroan ostegun arratsaldean hartu du foru gobernuak hezkuntza zentro guztiak ixteko erabakia, bai haurreskolak, haur eta lehen hezkuntza zentroak eta unibertsitateak. Astelehenetik aurrera ezarriko da agindua, baina Nafarroako Gobernuak zentroei "aholkatu" die ostiralean bertan hastea neurriarekin.