Birusari aurre egiteko zein neurri hartuko lituzketen galdetuta, lehen arreta indartu, ZIU edukiera handitu eta zaintza bajak ematea dago lehentasunen artean, Aztikerrek EAEn egindako inkestaren arabera. Aldiz, COVID pasaporteak, haurren derrigorrezko txertaketak edo leku irekietan musukoa erabiltzeak kontrako iritzi zabala jaso dute. Herritarren %80k uste du Eusko Jaurlaritzak gaizki edo oso gaizki kudeatu duela egoera.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren iritziak eta pertzepzioak jasotzeko inkesta egin du Aztiker soziologia ikerguneak, 1.192 laguneko laginarekin, COVID-19ari aurre egiteko neurrien inguruan. Emaitza esanguratsua da: herritarren gehiengo zabal bat osasungintza, garraioa edo zaintza bajak indartzearen aldekoa da, eta erakundeak hartzen ari diren neurriek, aldiz, gaitzespen handia dute.
Inkesta horren arabera, lehen arreta indartzea da herritarren artean gehien estimatzen den neurria (%98), segidan daude ZIUen edukiera handitzea (%92), konfinatutako haurrak zaintzeko bajak ematea (%85), garraio publiko gehiago jartzea (%85), telelana erraztea (%83), test azkarrak doan ematea (%81), borondatezko txertaketa (%74) edo aztarnariak kontratatzea (%72).
Erakunde publikoak abian jartzen ari diren beste neurri batzuk ordea, zerrenda horren beste muturrean daude. Hala, esaterako, COVID pasaportea leku itxi guztietan eskatu beharraren kontra azaldu da galdetutakoen %74, maskara leku irekietan erabili beharrarekin ere %91 ez dago ados, eta ostalaritza ixtearen kontra dago %94.
Derrigorrezko txertaketa ere ez da, inkestaren arabera, herritarrek nahi dutena: 18 urtetik gorakoen derrigorrezko txertaketa %22k baino ez du babestu, eta 6 urtetiko gorakoena %13ak besterik ez.
Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa: oso gaizki
Gobernu eta alderdiek COVID-19arekin egindako kudeaketari begira, inork ez du gainditzen azterketa. Hala, herritarren %55,7rentzat Eusko Jaurlaritzak “oso gaizki” egin du, eta %24,4rentzat gaizki; soilik %1,1ek erantzun du oso ondo egin duela. Espainiako Gobernuak baino nota txarrago atera du oraingoan Urkulluren exekutiboak, azken horren kasuan %36,9k uste baitu oso gaizki egin duela.
Alderdiei dagokienez ere, 0tik 10erako neurrian oso baxu geratu dira denak. EH Bilduk 3,1 atera du, Ahal Duguk 2,6; eta gobernuan daudenek are baxuago oraindik: PSE-EEk 2,1, eta EAJk 1,9. PPk (0,9) eta Vox-ek (0,6) atera dute nota txarrena; baina kontuan hartzeko datu bat: galdetutakoen %4,3k alderdi ultraeskuindarraren kudeaketa onetsi du.