argia.eus
INPRIMATU
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeen transferentzia gaur sinatuko dute
  • Hala, Zaballa, Basauri eta Martuteneko espetxeen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da. Dena den, eskumena urriaren 1etik aurrera izango du, transferentzia ez baita gauzatuko egun hori baino lehen.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 10a
Martuteneko espetxea 2023an ixtea aurreikusten da, Zubietakoa irekiko delako. Argazkia: Ketari.

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak lau eskumen eskualdatzeko akordioa izenpetuko dute gaur. Garrantzitsuena hiru espetxeen kudeaketa da. Horiez gain, errepide bidezko garraioa, Identifikazio Bibliografikoko Nazioarteko Kodea eta Ondarroako Itsas Barrutia eskualdatuko dituzte.

Kartzeletakoa duela 41 urte Gernikako Estatutuan jasotako transferentzia da, oraindik gauzatu gabea. Gaurtik urriaren 1a bitarte kudeaketa egokitzeko tartea izango da eta besteak beste espetxeei ematen zaizkien zerbitzuen kontratuen subrogazioa egiteko baliatuko dute epe hori.

Hiru espetxeetan 966 preso daude. Basaurin 149, Zaballan 623 eta Martutenen 194. Hiru eraikinak Eusko Jaurlaritzan eskuetan geratuko dira. Zubietako espetxe berria egiten dutenean Eusko Jaurlaritzaren esku geldituko da eta Martutenekoa Espainiako Gobernuari itzuliko zaio eta itxi egingo da. Zubietakoa 2023ko udaberrian irekitzea aurreikusten da. Itxita dagoen Langraitzeko espetxearen eraikina ere Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da.

620 funtzionario eta 50 lan kontratuko langile ere transferituko dira.

Espetxe kudeaketaren 70 milioi euro kupotik kenduko dira; hau da, diru kopuru hori aurrerantzean Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan izango da.