Ekainaren 19ko gauerdian sartu da indarrean deseskalatze-prozesuko azken fasea EAEn, eta horrekin batera, bertan behera geratu da alarma egoera. Nafarroako mugak ekainaren 21era arte itxaron beharko du ordea, eta Ipar Euskal Herrikoa, berriz, hilaren 22an irekiko da.
Euskal Autonomi Erkidegoa “normaltasun berri” delakoan sartu da ekainaren 19ko gauerdian. Alarma egoera legez indargabetuta dago jada, Iñigo Urkullu lehendakariak sinatutako dekretuaren arabera. Hala, zirkulazioa baimenduta dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean.
Nafarroako Foru Erkidegoaren arabera, herrialdea ekainaren 21eko gauerdian sartuko da fase berrian. Ipar Euskal Herriari dagokionez, ekainaren 22an zabalduko da muga, Pirinio Atlantikoko Prefaturak agiri batean azaldu duenez. Ondorioz, euskal herritarrek egun horretara arte itxaron beharko dute lurralde osoan zehar legalki zirkulatu ahal izateko.