argia.eus
INPRIMATU
Araba basatiaren istorioak
  • Araba ez da dirudien paradisua; behintzat fauna zaurgarria kontuan hartuz gero. Aldundiak hainbat espezie babesteko zortzi plan onartu ditu 2000. urtetik, baina galzorian edo oso egoera kezkagarrian daude oraindik hainbat animalia

Arabako Alea @ArabakoALEA Estitxu U. Lopez de Arkaute 2018ko irailaren 24a
Argazkia: Arabako Alea

Tertangako Fraileburu izeneko harri erraldoiaren inguruan dozenaka sai arre ikusteko parada izan dezakegu edozein urte-sasoin; hainbeste hegazti erraldoi buruaren gainetik hain gertu hegan egiten ikusita, zaila egiten da pentsatzea orain dela berrogei urte, Euskal Autonomia Erkidegoan, desagertzear egon zela espeziea. Gardelegitik datozen sai zuri saldoak Gasteizko zeruan ikusten ditugunean ere asko direla pentsa dezakegu, baina, 2008. urtean, soilik 45 bikote ziren hiru probintzitan.

90. hamarkadara arte ez ziren onartu Euskal Herrian landareak, animaliak eta habitatak babesteko legeak; 1994an onartu zuten EAEko Natura Babesteko Legea, eta 1996an Mehatxatutako Espezieen lehen katalogoa. Tokiko espezifikotasunak jasotzearren, urte batzuk beranduago herrialdeko kudeaketa planak martxan jarri zituzten Aldundiek. Hartara, Araban, zortzi plan onarturik daude: uhalde-enara (2000. urtean), ibai-kabuxa (2002), bisoi europarra (2003), igaraba (2004), iparraldeko katxoa eta mazkar arantzaduna (2007), otsoa (2010), bonelli arranoa (2011), eta hegazti nekrofagoak (2015). Bidean da barbo buztan-gorriaren plana; eta desagertzeko arriskuan dauden sei saguzar mota, miru gorria, lezkari arrunta eta benarriz gorriztaren planak falta dira.

Legediak, baina, baditu kontraesanak, otsoarekin bezala; izan ere, desagertzeko zorian egon arren, ez dago EAEko babestutako animalien zerrendan, eta hedatuagoak dauden beste espezie batzuk baino askoz babes urriagoa du.

Bisoi europarra

 

 

 

 

 

 

 

 

Bisoi europarra babesteko eta berreskuratzeko ekintzarik arrakastatsuena bisoi amerikarraren kontrola egitea izan da. Hala, 1997tik geroztik, 556 bisoi amerikar harrapatu dira Araban. Kopururik altuena 2015ean jaso zuten, 150 harrapaketa, ibaietan instalatu diren ur gaineko plataforma eta tranpei esker. Ondoren, espezie inbaditzailearen presentziak behera egin du; 2016an hamar animalia bakarrik harrapatu ziren, eta 2017an eta 2018ko lehen seihilekoan soilik bi bisoi amerikar harrapatu dira. Bisoi europarraren kopuruak, berriz, gora egin du: 17 ale berri aurkitu dira 2017an, inoizko kopururik altuena. Munduan desagertzear dauden espezieen artean arrisku gehien duenetarikoa da bisoi europarra.

 

Igaraba arrunta

 

 

 

 

 

 

 

 

 

80. hamarkadan "desagertzeko arriskuan" izendatu zuten Euskal Herrian, baina 2005ean eta geroztik egindako beste ikerketa batzuetan ikusi da Araban nahiko arrunta dela zenbait eremutan, eta Bizkaian ere eremu ugari berreskuratzen ari dela."Arrain asko eta babesteko lekua duten errekak behar ditu, eta kutsatuta egon arren, igaraba ongi bizi daiteke halako tokietan". Batik bat, herrialdeko mendebaldeko arroetan identifikatu dira igarabaren arrastoak: 2016. urtean egin zen azken erroldan, Zadorra ibaiaren behekaldean, Baiaren erdiko zatian eta Ihuda ibaian Trebiñu aldean aurkitu zuten. Dena den, iparraldera eta ekialdera hedatuko dela aurreikusten da, azken urteotako garapen positiboa ikusirik.

 

Otsoa

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2018ko neguan, Arabako mendebaldeko mendateetan, hiru otso izan ziren; otso-taldeak egon zirela ez da baieztatu baina ezin da guztiz baztertu. Hala jasotzen du 2017ko abendua eta 2018ko otsaila artean egin den animaliari buruzko azken txostenak. Elurraren gainean otsoek utzitako zazpi arrasto aurkitu zituzten denbora tarte horretan; Gorobel mendilerroan bi otso egon zitezkeela antzeman dute miaketek, eta Gaubeako Valderejon beste otso bat; Arkamu-Gibijon eta Badaia-Arrato inguruetan ez dituzte otsoaren arrastorik aurkitu. Euskadiko Otso taldeak EAEko Auzitegi Gorenean eskatu du espeziea erkidegoko mehatxatuen zerrendan jasotzeko  eta behar bezalako neurriak har ditzan Jaurlaritzak babesteko.

 

Bonelli arranoa

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2001ean onartu zuen Aldundiak aztore-arranoaren hedapena sustatzeko plana, eta harrapakariaren segimendua egiten hasi zen, espeziearen egoera larria ikusita. Halaber, hegaztiaren habitata hobetzeko neurriak hartu dira, hala nola, sare elektrikoak egokitu, eta hegaztiarentzat elikadura bermatu. Gainera, Europako LIFE Bonelli programaren barruan, 2015. urtetik hainbat bonelli txita sartu dira herrialdean, Mendialdean eta Gaubean hain zuzen. Zoritxarrez, txita guztiak elektrokutatuta edo beste animaliren baten erasoen ostean hil dira. Gaur egun, Toloño mendilerroan, Zanbrana udalerriaren inguruetan, dago Arabako aztore arrano bakarra, Thor izenekoa.

 

Mazkar arantzaduna

 

 

 

 

 

 

 

 

Desagertzeko zorian dagoen espeziea da, Araban. Izan ere, iaz Puron, Omecillo eta Baia ibaietan egin zituzten ikerketetan ez zuten mazkar arantzadunaren arrastorik aurkitu. Gainera, 2002. urtean, Espejo herriko zubian aurkitu zuten mazkar arantzadunaren populazioa desagerturik dagoela ematen du. Baieztatu gabeko arrasto bakarra Oka ibaian dago, Otobarrenen.

 

Uhalde-enara

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Herrialdeko espezie zaurgarrien inguruan Arabako Diputazioak onartu zuen lehenbiziko kudeaketa plana uhalde enararena izan zen, 2000. urtean; espezie hau aukeratu zuen plan horien idazketa eta aplikazioaren eraginkortasuna egiaztatzeko asmoarekin. Ordutik, uhalde enararen koloniak mantentzeko eta zaintzeko hainbat jarduera abiatu dira, batik bat Mendixur parkean, eta ezarleku berriak kokatu dira Gasteizko Salburua parkean.

 

Hegazti nekrofagoak

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hiru espezieren inguruan du Aldundiak kudeaketa plana: ugatza, sai zuria eta sai arrea. Ugatzak Valderejon eta Sobronen umatu ziren, 60. hamarkadara arte, baina azken bikoteak 80. hamarkadan desagertu ziren, eta ez dira berriro herrialdera itzuli. Sai zuriaren azken errolda 2008. urtean egin zuten, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan, eta 45-48 bikote antzeman zituzten. %40 Araba eta Bizkaia artean bizi dira, eta etzaleku komun bat dute, Gardelegiko zabortegian. Azkenik, sai arrearen populazioak nabarmen egin du gora azken urteetan, erkidegoan; 1979an 42 bikote zeuden, denak Araban, eta 2008an 822 bikote zenbatu zituzten, 63 koloniatan, eta hiru herrialdetan zabalduta. Errolda berria, 2019. urtean aurkeztuko dute. 

 

Ibai kabuxa

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Omecillo eta Baia ibaiak ikertu zituzten 2007an, eta bi arroren goiko aldean populazioa nabarmen murriztu dela atzeman dute, beheko aldean, aldiz, mantendu egin da arrainen kopurua, eta aurreikuspenak onak dira.

 

Iparraldeko katxoa

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2000. urtetik, arrainaren inguruan ikerketak egiten hasi zirenetik, antzeman dute ez dela iparraldeko katxoaren populazioa sendotzen. 2017an oso ale gutxi aurkitu dituzte, "espeziearen egituraketaren faltaren seinale".

 

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.