argia.eus
INPRIMATU
Gaur hasiko da Bretainiako Korrika Ar Redadeg
  • Maiatzaren 20an hasita, 2.022 kilometro egingo dituzte Bretainian, Gwitreg herritik Gwened herriraino. Oarsoaldeako AEK-k antolatuta, ordezkaritza bat joango da hara atxikimendua ematera.

Leire Artola Arin 2022ko maiatzaren 19a
Ar Redadeg, bretoiera sustatzeko lasterketa. / Argazkia: Ar Redadeg, Ronan Le Pennec.

Hizkuntza gutxituen aldarria egiteko beste lasterketa bat da Ar Redadeg, helburutzat duena bretoiera sustatzea eta horretarako dirua biltzea. Alegia, Korrikaren antzeko ekimena da, 2008an sortu zutena Bretainiako irakasle batzuk, Arrigorriagako institutuarekin izan zuten harremanaren ondorioz. Maiatzaren 20tik 28ra bitartean, lekukoa elkarri pasako diote Bretainiako 340 bat herritan. Gwitreg herritik hasiko da, ostiralean, eta Gweneden amaitu, hurrengo larunbatean. Lekukoaren mezu sekretua irakurri eta “amaiera festa handi” batekin itxiko dute bretoieraren aldeko ekitaldia.

Korrikan bezala, Redadegen ere kilometroak salduz biltzen dute dirua. Antolatzaileetako batek euskaraz kontatu dizkio xehetasunak Irulegiko Irratiari, eta zehaztu du lortutako diruaren erdia Diwan bretoierako eskoletara bideratzen dutela, eta beste erdia bretoieraren edo Bretainiaren garapena sustatzen duten zenbait elkarteetara. Egun, 300.000 hiztun inguru ditu bretoierak, eta munduko hizkuntza gutxituetako bat da. Redadegen bidez bi urtean behin bultzada ematen diote euren hizkuntzari, Korrikak euskarari bezalaxe.

Korrika ahizpak

Euskal Herritik ordezkaritza bat joango da bretoieraren aldeko lasterketara. Oiartzunek Karaez Bretainiako herriarekin duen senidetza baliatuta, autobus bat antolatu du Oarsoaldeako Intxixu AEK-ko euskaltegiak. Maiatzaren 25ean abiatuko dira, eta azken festara arte izango dira han.

AEK-k atxikimendua ematen die munduan antolatzen diren Korrika ahizpa guztiei, eta haiek ere etorri ohi dira Korrikara. Ekainean egingo dira beste bi ekimen: La Passem okzitanieraren aldeko lasterketa ekainaren 2tik 5era izango da, eta Sprochrenner alsazieraren aldekoa, ekainaren 4tik 6ra. Hauexek dira Korrikaren beste ahizpak: Rith (gaelikoa), Ras yr Iaith (galesa), Correllengua (katalana), Correlingua (galiziera) eta Lefkantun (maputxeen mapuzugun hizkuntza).