argia.eus
INPRIMATU
Apustuen enpresek eta patronalek hamar bidaia ordaindu dizkiote Juan Espinosari
  • Espainiako Ogasunaren Jokoaren Antolaketarako zuzendari nagusia da Juan Espinosa, eta apustuen enpresek hamar bidaia ordaindu zizkiotela salatu du El Confidencial hedabide espainiarrak.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 17a
Juan Espinosa. Argazkia: InfoPlay.info

El Confidencial hedabideak Gardentasun Legeari esker egin duen informazio eskaeran, Juan Espinosa Jokoaren Antolaketarako zuzendari nagusiak egindako bidaiak nork ordaindu dituen jakitea lortu du: apustuen enpresek eta patronalek. 2016ko abenduan zin egin zuen kargua Juan Espinosak, eta ordutik hona hainbat kongresu eta konferentzietara joan da enpresek ordainduta: Lima (Peru), Medellin (Kolonbia), San Frantzisko (AEB) eta beste hainbat lekutara gonbidatu dute. Kongresu hauek, gainera, hiri bakoitzeko hotel onenetan egin ohi dira; Liman Swissötelean izan zen, eta San Frantziskon Ritz-Carlton hotelean, bost izarrekoak biak.

Kongresu horietan, baina, bidaia, lo egiteko lekua eta dietak ordaintzeaz gain, beste hainbat jardueretara gonbidatu dute: ibilbide turistikoak, banketeak, etab. 2018ko Medellingo Jokoaren Gailur Iberoamerikarrean, adibidez, “adeitasun paseo” batera joan zen. Aurten San Frantziskon egindako gailurrean, bestalde, ohiko jarduerez gain golf txapelketa batera gonbidatu zuten, baita ardo dastatze batera ere.

San Frantziskora Gaming Laboratories International enpresak gonbidatu zuen; enpresa honek Jokoaren Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiaren lizentzia du Espainiako estatuan sistema teknikoak homologatzeko. Erlazio hauek direla medio, Manuel Villoriarekin hitz egin du El Confidencial hedabideak, Espainiako Gardentasunaren Zuzendaritza Batzordeko kidearekin. Haren esanetan, gonbidapen hauek “eskerrak ematea” bilatzen dute, eta gutxieneko interesen elkartrukea sortu dezaketen erlazioak badaude hauek “ezin direla onartu” dio Villoriak.

Jokoaren Antolaketarako Zuzendaritza Nagusiak, berriz, gonbidapen hauek “erlazio instituzionalak hobetzeko” balio dutela adierazi du, eta mesedeak itzultzeko balio ez dutela berrestu. Ohiko jarduerez kanpoko gonbidapenen inguruan galdetu ostean, jarduera hauek “ekitaldi nagusiarekin zuzeneko erlazioa” dutela diote.