Joko eta apustu aretoen kopuru geroz eta handiagoaren inguruko eztabaida gurera ere heldu denean, Judimendi edota Azpeitiko kasuek erakusten duten moduan, Valladolideko (Espainiako Estatua) Udaleko alderdiek aho batez onartu dute lokal horien hedapena mugatzeko neurriak aztertzea.
Toma la Palabra (Hitza hartu) taldeak aurkeztutako mozioak planteatzen du, batetik, ludopatia borrokatzeko kontzientziazio-prebentzio ekintzak abiatzea; eta bestetik, aretoei lizentziak banatzerakoan baldintza urbanistiko zorrotzagoak jartzea, ez daitezen ireki ikastetxe, kultur-etxe eta gazteak biltzen diren bestelako espazioetatik hurbil.
Jakitun kirol apustuek batez ere gazteen artean egin dutela gora, ikastetxeetan kanpaina bereziak jarri nahi ditu abian Valladolideko Udalak. Mozioari hainbat proposamen gehitu dizkiote gainerako alderdiek. Hala, joko eta apustu etxeen publizitatea eta sustapena mugatzeko neurriak ere jaso ditu testuak, baita sektoreko enpresek lortutako irabaziak "joko patologikoa" tratatzeko bideratzea ere, besteak beste.