argia.eus
INPRIMATU
Apustu etxeen iragarkiak mugatuta, kirol taldeek ezingo dituzte haien izenak erakutsi
  • Abuztuaren 31tik aurrera, jokoaren sektoreko enpresen publizitatea arautzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretua dela eta, telebista edota irratiek soilik goizeko 1:00ak eta 5:00ak bitartean emititu ahal izango dituzte enpresa horien iragarkiak. Zuzeneko kirol emanaldietan, hortaz, ez da gehiago apustu-etxeen iragarkirik emitituko, eta kirol taldeek ez dute haien izenik eramango kamisetan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko abuztuaren 31
Sportium apustu-etxea, futbol Ligaren babesle ofiziala 2020-21 denboraldian.

Bilbao Basket taldearen kasuan adibidez, RETAbet enpresak utzi egin dio klubaren babeslea izateari. Dekretuari buruzko EFE agentziaren oharrak Kirolbet Baskonia ere aipatzen du, baina apustu-etxe horrek jada utzia zion taldea babesteari. Baskoniak izan duen azken babeslea TD Systems zen, taldeak akordioa etetea erabaki zuen arte, enpresak ez zuelako hura bete.

Publizitatea arautzeko dekretua medio, futbol partidetan adibidez ez da kirol apustuei edota bingo-jokoei buruzko iragarkirik emitituko, pasa den Eurokopan "neurrigabe" gertatu dena, Mikel Arana Espainiako gobernuko joko zuzendari nagusiak EFE agentziari azaldu dion moduan. Aranak gehitu du futbolariek gisa horretako iragarkietan agertzeak edota kamisetetan enpresa horien izena eramateak, "gazteenei jokatzera gonbidatuz", ez duela mezu positiboa bidaltzen, "Ligak izan beharko lukeeneren inguruan".

Aipatu dekretua 2020ko azaroan onartu zen, eta apurka-apurka joan da indarrean sartzen. Ligak berak, Joko Digitalaren Elkarteak eta AMI Komunikabideen Elkarteak helegitea jarri zuten haren aurka, azken horrek, dekretuak arriskuan jar lezakeelako kirol-prentsaren biziraupena.