"Apustu etxeak kanpora" lelopean, elkarretaratzea egin dute ostegunean Azpeitian, bertan irekitzekoak diren gisa honetako lokal baten aurka. "Elkartasuna eta aldaketa soziala" bultzatzen dituen Elkar-Ekin taldeak deitu zuen kontzentrazioa, eta herriko gaztetxeak eta Ernaik babestu dute.
Uztarriak jaso duenez, ordu erdiko kontzentrazioaren ostean, apustu etxeek ekar ditzaketen ondorioez mintzatu da Elkar-Ekineko kide bat. Laster dira zabaltzekoak kirol apustuak sustatzen dituen Reta konpainiaren lokal bat.
Aurreko egunetan lokal berriari herrian ez dela ongi etorria adierazteko afixak itsatsi izan dizkiote. Amaitutzat eman dute hiru asteko kanpaina, nahiz eta jakinarazi, aurrera begira egitasmo gehiago egiteko atea zabalik uzten dutela.
Deialdia egiteko kartelean adierazi zuten nola ikusten dituzten apustu etxeak: "Gutxi batzuek dirutza irabazteko pentsatuta daude, diru errazaren ameskeria saltzen dute, arazo ekonomiko larriak sortzen dizkiete herritarrei eta ludopatia bezalako gaixotasunak sortzen dituzte".
Azpeitiakoa ez da apustu etxeen aurka egiten den lehen protesta. Aurretik, antzeko dinamikak abian jarri dituzte Burgosko Gamonal auzoan eta Madrilgo Moratalazen. Bietan kanpaina egiten ari dira apustu etxeen aurka, auzoko gazte askoren artean ludopatia sustatzen ari direla salatuz.
Burgosko Gamonal auzoan protesta jendetsuak egin dituzte, batez ere, auzoko gazte batek bere buruaz beste egin ostean. Gazte hau zorpetuta zegoen eta eragile ugarik auzoko apustu etxeei egotzi zieten heriotzaren ardura. Auzoa paskinez bete zuten eta manifestazioa egin. Bost puntuko aldarrikapen zerrenda irakurri zuten manifestazio amaieran. Euskaratuta irakur dezakezue jarraian, originala hemen.
- Burgosko Udalari espazio publikoetatik apustuei buruzko publizitatea kentzeko eskatu diote, hala nola, autobus eta hesi publizitarioetatik, ez daitezen adin txikikoen eta bestelako arrisku taldeen bistara.
- Udalak ez diezaiela lizentziarik eman halako negozioei beren hirian.
- Ken dezatela publizitatea kirol ekitaldi eta espazioetan.
- Utz diezaiotela hedabideak erabiltzeari apustuak eta jokoa sustatzeko.
- Negozio hauek joan daitezela beren auzoetatik.