argia.eus
INPRIMATU
Apustu etxeen aurkako plataformek bat egin dute Iruñerrian eta Legebiltzarreko ponentzian parte hartzeko eskatu dute
  • Apustu etxeen aurkako zortzi kolektibok bat egin dute Iruñerrian, mota horretako negozioen aurka ahots bakarrez jarduteko. Nafarroako Gobernuarekin bildu dira eta, asteartean egin zuten agerraldian adierazi dute Legebiltzarrak auzi honi buruz martxan duen ponentzian parte hartu nahi dutela.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 11
Apustu etxeen aurkako plataformek bat egin dute Iruñerrian (argazkia: Ahotsa.info).

Iruñerriko Apustu Etxeen Aurkako Plataformak asteartean aurkeztu ziren jendaurrean, Nafarroako Gobernuarekin bildu ondoren. Iruñerriko auzo eta herri ugaritan sortu diren plataformak biltzen dira bertan eta lokal horien ugaritzearen aurrean dagoen kezkak eraman ditu bat egitera, ahots batez jarduteko. Huarte, San Jorge, Ermitagaña-Mendebaldea, Eguesibar, Berriozar, Txantrea, Arrotxapea eta San Juango tokiko plataformek osatzen dute, eta plataformak Aralar Nafarroako Ludopaten Elkartearen aholkularitza du.

Asteartean egin zuten bileran Berriozar, Egues, Huarte, Txantrea eta Aralarreko hainbat ordezkarik parte hartu zuten; Nafarroako Gobernua, berriz, Javier Remirez lehen presidenteordeak ordezkatu zuen.

Topaketaren ondoren, Iruñeko Alde Zaharreko Plazara! zentro komunitarioan talde guztietako ordezkariek iragarri zuten Gobernuarekin hasitako hartu-emana. Lehen bilerak utzitako "sentsazio onak" baloratu zituzten, baina "hitzetatik ekintza zehatzetara pasatzeko eta arazo hau konpontzeko" nahia nabarmendu zuten, hala nola "gizartea kontzientziatzea eta negozio hauei zergak igotzea".

Gainera, apustu etxeak tratatzen dituen Nafarroako Parlamentuko lantaldean parte hartzeko nahia adierazi dute. "Ponentzia horretan bai ala bai egon behar dugu, prebentzioari, ordutegiei eta fiskalitateari buruz hitz egin behar da", adierazi dute Hodei Aranguren eta Unai Jimenez bozeramaileek.

Plataformatik beren bi jarduera ildoak zehaztu zituzten, "kontzientziazioa eta negozio horien desagerpena" helburu hartuta. Gainera, "negozio horien aurkako borroka abiatu nahi duen pertsona edo kolektibo orori laguntzeko prest" daudela jakinarazi zuten, "bai Iruñean, baita Nafarroa osoan ere". "Auzo antolatu batek garaipen txikiak lor ditzake, antolatutako auzo askok handi bat lor dezakete", adierazi dute.

Bi bozeramaileek, gainera, mobilizazio egun bat iragarri dute datorren urterako. "Otsailaren 8an Iruñean antolatuko ditugun ekitaldietan parte hartzeko eta mobilizatzeko deia egiten diogu gizarte osoari", adierazi dute, eta datozen egunetan protesta horien inguruko xehetasun gehiago emango dituztela gaineratu dute.

Iruñerrian, Noain izan zen apustu etxeak ugaritzearen aurkako udal ordenantza onartzen lehena. Antsoainek eta Huartek jarraitu zioten, eta orain Berriozar horretan ari da. Beste herri batzuetan, Iruñean eta Eguesibarren, esaterako, luzapenak izan dira.

Urriaren amaieratik, Nafarroako Parlamentuan batzorde bat eratuta dago Foru Erkidegoan apustu etxeen erregulazioa jorratzeko. Izquierda-Ezkerraren ekimenez sortu zen ponentzia, eta Marisa de Simon legebiltzarkidea izan zuen buru. Ludopatia larriak eragiten duen mendekotasunetik eratorritako kalteak ahalik eta gehien mugatzea da organoaren hasierako helburua. Ostiral honetan bertan hasiko dira lehen bilerak, eta urtarrilean kolektibo sozialekin biltzeko asmoa du.

Asteartean bertan, Izquierda-Ezkerrak bi zuzenketa erregistratu zizkien Nafarroako Gobernuak aurkeztutako neurri fiskalen proiektuei, negozio horien gorakadari aurre egiteko. Horietako lehenengoak proposatzen du sozietate zergan kirol apustuak helburu sozial dituzten sozietateei %75eko zerga tasa berri bat sartzea. Bigarren zuzenketak proposatzen du ekitaldi bat aurreratzea (2020ko urtarrilaren 1etik 2019ko urtarrilaren 1era) jokoa sustatzen duten babesletza-kontratuengatiko zerga-kenkariak kentzeko.