argia.eus
INPRIMATU
Apustu etxeen aurkako pankartak jarri dituzte Arrasaten, eta Bilbon Udalari neurriak eskatu
  • "Apustu etxeak kanpora" edo "zuen aberastasuna, herriaren miseria"  leloak dituzten pankartak jarri dituzte Arrasateko Jaiki taldeko kideek Codere apustu etxe batean. Jokoaren mendekotasunaren inguruan antolatu duten hitzaldira bertaratzeko deia egiten duten kartelak ere itsatsi dituzte.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 30
Coderek Arrasaten duen egoitza ohia Jaikikoek jarritako pankartekin. Argazkia: @goiena

Arrasateko Jaiki taldeak apustu etxeen aurkako pankartak jarri ditu Coderek herrian duen egoitza ohian. Apustu etxe honek 2018ko otsailean ireki zuen bere bigarren lokala Arrasaten, baina hamar hilabeteren ondoren, abenduaren erdialdean itxi zen.

Jaiki taldetik adierazi dutenez, “argi eta garbi adierazi genuen apustu etxeen problematika lantzeari ekingo geniola eta gaur ekintza bat burutu dugu hauen jarduna salatzeko”. “Apustu etxeen negozioan gazte prekarioek bereziki eta langileriak oro har galtzen du, horregatik ozen esango dugu joko areto eta apustu etxeak kanpora!” gaineratu dute Goienak argitaratu duen oharrean.

Bilboko Eraginek mozioa

Bilboko Eragin taldeak hainbat neurri exijitu dizkio Udalari apustu etxeen eta joko aretoen “arazo larriarekin amaitzeko”.

Lizentziak murriztea, ikastetxeetatik  500 metro baino gutxiagora establezimendurik ez egotea, toki publikoetan publizitatea kentzea edo kontzientziazio kanpainak bultzatzea izan dira eskakizun garrantzitsuenetako batzuk.

“Apustu etxeak eta joko aretoak gazteen prekarietateaz eta miseria egoeraz aprobetxatzen dira, eta langileriaren artean mendekotasuna gero eta hedatuagoa dago” salatu dute, Uriolak argitaratu duenez.