Otsailaren 28an apustu etxeen eta joko aretoen aurkako manifestazioa deitu du Eraginek Bilbon. Jokoaren negozioaren aurka kaleak hartzeaz gain, gutxieneko aldarrikapenak eta eskakizunak ere jarriko dituzte mahai gainean.
Eragin Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanbladak joko aretoen eta apustu etxeen aurkako manifestazioa deitu du otsailaren 28an. 19:30ean abiatuko da mobilizazioa Zabalburu Plazatik. Azken urte eta erdian Eraginek behin baino gehiagotan jarri du mahai gainean joko aretoen arazoa: kirol apustuen publizitatearen aurkako lanketekin, Bilboko jokoaren maparekin, kanpaina komunikatiboen bidez... Aurreko urteko otsailan, esaterako, Bilboko Udalean aurkeztu zuten gaia jorratzen zuen mozioa, hainbat proposamen eginez. Urtebete pasa denean, Udalak bere eginkizunak ez dituela bete salatu dute Eragineko kideek.
Oraingoan, baina, herritarren ahotsa ikusarazteko ordua dela uste dute eta horretarako baliatu nahi dute manifestazioa. Deialdiarekin batera, gutxieneko hainbat aldarrikapen egin diztuzte: publizitatearen debekua, joko aretoen ordutegien murriztea, aretoak eskoletatik urruntzea, enpresentzako zerga fiskalen handitzea, ludopatiaren ondorioak jasan dituztenentzako indemnizazioak edota Interneten jokoaren inguruko edukiaren erregularizaizoa eta murriztea, hain zuzen ere.
Hedatzen ari den mugimendua
Apustu etxeen eta jokoaren negozioaren aurkako mugimendua handitzen ari da Euskal Herrian; geroz eta auzo eta herri gehiago ari da problematikari eusten eta arazoa salatzen. Pasa den larunbatean Iruñerriko Apustu Etxeen Aurkako Plataformak manifestazioa egin zuen Iruñeko kaleetan zehar. 2.000 pertsonatik gora atera ziren kalera apustu etxei aurkakotasuna adierazi eta neurri zehatzak exijitzeko Nafar Gobernuari. Gasteizen, Judimendiko Gazte Asanbladak ere luze darama borrokan auzoko joko aretoaren aurka.