Urtarrilaren 1etik aurrera apustu etxeak debekatzearekin bat, jokoak kalteturiko pertsonentzat errehabilitazio zentroak zabalduko ditu Albaniako Gobernuak.
Apustu egitearen arriskuak iritzi publikoaren eztabaidagai diren garaiotan, neurri irmoa hartu du gobernu albaniarrak. 2,8 milioi herritar dituen herrialdean, kalkulatzen da 4.300 bat apustu etxe daudela gaur egun.
Zergatik?
Mafiarekin eta krimenarekin zerikusia duten taldeek apustu etxeak dirua zuritzeko erabiltzen dituztela argudiatu du Gobernuak. Jokoak bai ekonomikoki bai sozialki eragiten dituen kalteez babesteko modua ere izan nahi du neurriak, Gobernuaren arabera.
Zehazki, kirolari lotutako apustu etxeak, bingo aretoak, Internet bidezko apustuak eta kasino elektronikoak debekatu dituzte. Telebistako bingoa, loteria eta bost izarreko hoteletan dauden kasino elektronikoak mantenduko dituzte.