Apustu etxeen fenomenoa geroz eta zeresan handiagoa sortzen ari da. Eskualdean ere badute presentzia horrelako establezimenduek, eta gazteen arten ere geroz eta jendarteratuago dago jokoa. Deustuko Unibertsitateak egindako inkesta baten arabera, 12-22 urte bitarteko hiru gaztetatik batek jokatu du noizbait dirua.
Azkenaldian geroz eta gehiago hitz egiten da apustu etxeen fenomenoari buruz. Jokoa (kirol apustuak, batit bat) geroz eta jendarteratuago daudela dirudi, gazteen artean batez ere. Deustuko Unibertsitateko Droga Mendekotasun Institutuak berriki argitaratutako ikerketa batek datu esanguratsuak ematen ditu: 12-22 urte bitarteko 3 gaztetatik batek noizbait jokatu du dirua, eta hogeitik batek jokoarekiko adikzioa garatzeko arriskua du.
Era berean, geroz eta ugariagoak dira mota horretako negozioen aurka posizionatu diren ahotsak. Burgosko Gamonal auzoan eta Madrilgo Moratalazen hainbat dinamika garatu dituzte horrelako establezimenduen aurka.
Gertuko esperientziak ere badaude. Gasteizko Judizmendiko Gazte Asanbladak urtebete darama auzoan ireki duten apustu etxearen gaineko lanketa egiten, eta Azpeitian ere hainbat mobilizazio egin dituzte herrian ireki duten tankera horretako establezimenduaren aurka.
Geroz eta gehiago
Bi apustu etxe daude eskualdean, Laudion bata eta Amurrion bestea
2017an 3.130 joko-areto zeuden Estatu Espainiarrean. Horietatik 700 azken hiru urteetan zabaldu dira, Espainiako Joko Aretoetako Enpresarien Elkartearen arabera. Aiaraldean, aldiz, bi apustu etxe daude: Laudion dago bata eta Amurrion bestea.
Baina askoz gehiago dira txapon-makinak edota kirol apustuak egiteko gailuak dituzten establezimenduak. Ertzaintzak emandako datuen arabera, eskualdeko 138 tabernak eta saltokik dituzte mota horretako makinak: Laudioko 65ek, Amurrioko 37k, Urduñako 13k, Aiarako 4k, Artziniegako 11k, Arrankudiaga-Zolloko 2k eta Orozkoko 6k.
Arrisku gehien, interneten
Baina arrisku handiena internet dagoela uste dute adituek. “Apustu etxe guztietan dago adingabeak sartzea debekatua dagoela dioen kartela, baina jakin badakigu sartzen direla, zigortua egon arren. Hala ere, mugikorrak dira edozein tokitan sartzeko modurik zuzenena. Apustuen webgune askotan 18 urte baino gehiago izatea eskatzen dute, baina adin hori duzula esatea nahikoa da sarbidea izateko, ez dago kontrol gehiagorik. Legearen aldetik hori asko erregulatu da, baina ez dago kontrola eramateaz arduratzen den inor".
Hainbat tokitan sortu dira apustu etxeen aurkako dinamikak: Burgosko Gamonal eta Madrilgo Moratalaz auzoetan, Gasteizen, Azpeitian...
Hala azaldu dute Gotzon Minguez Ojembarrenak eta Mariola Miguelek. Amurrioko eta Laudioko Udaletako laguntza psikologikorako zerbitzuko langileak dira Minguez eta Miguel, hurrenez hurren. Urteak daramatzate gazteek adikzioa sortu dezaketen elementuekin (drogak, bideo-jokoak, apustuak...) duten harremana ikertzen.
Geroz eta lehenago
Horretarako hainbat galdetegi egin dituzte bi herrietako ikastetxeetan. Emaitzek joera argiak erakusten dituztela diote bi adituek. “Gazteak geroz eta lehenago hasten dira teknologia kontsumitzen, eta apustuen webguneak ere eskura dituzte”.
Azpimarratu dutenez, gazteen lonjetan ere geroz eta gehiago baliatzen da teknologia. “Adin ezberdinetako gazteak nahasten dira gune horietan, eta horrek erraztu egiten du adingabeen sarbidea apustuen webguneetara”.
138 establezimendu daude Aiaraldean txapon-makinekin edota kirol apustuak egiteko gailuekin
Gizonezko gazteak
Apustuak egiten dituzten pertsonen ohiko perfila zehaztu dute: “15-40 urte bitarteko gizonak”. Azaldu dutenez, apustu txikiak dira ohikoenak: 1-2 eurokoak. Hala ere, bi psikologoek nabarmendu dute nerabe baten kasuan diru hori asko izan daitekeela: “heldu batentzako bi euro oso gutxi da, baina gazte batentzat 2 euro apustu batean xahutzea bere asteko pagaren %20a jokora bideratzea litzateke. Imajinatu ehuneko hori heldu bati estrapolatuta”.
Prebentzioa, zailagoa
Jokoaren prebentzioa zailagoa dela uste dute Miguel eta Minguezek. “Erraza da gazteek kirol apustuak egiteko aukera izatea, eta ez dago drogak kontsumitzea bezain gaizki ikusita. Ez da horren arraroa adingabe bat bere gurasoekin kirol apustuen makina batean ikustea, adibidez”.
Arrisku handiena interneten dagoela uste dute adituek, erraza delako apustuen webguneetara sartzea
Apustu etxeen publizitatearen presentziak ere ez du laguntzen. Tabakoaren eta graduazio altuko alkoholaren publizitatea debekatua dagoen bitartean, apustu-etxeen babesletzak eta iragarkiak geroz eta ugari eta agerikoagoak dira. “Rafa Nadal, adibidez, poker jokoen iragarle gisa hartzen da. Jokoa 'ondoriorik gabeko' jarduera bat denaren sentsazioa ematen du horrek”.
Miguel eta Minguezek azaldu dutenez, 2013. urtetik kontsideratzen da jokoa gaixotasun gisa. “Ordura arte arazotzat hartzen zen, baina ez adikziotzat”. Psikologoen aburuz, drogekin sortzen den menpekotasun berdina garatu daiteke jokoarekiko. “Dependentzia psikologiko batez hitz egiten ari gara”.
Jokoaren prebentzioa zailagoa dela uste dute adituek, ez baitago droga kontsumitzea bezain gaizki ikusia
Nabarmendu dutenez, jokoan ere ematen da tolerantzia. “Jendea kopuru txikiak jokatzen hasten da, oso une puntualean. Baina geroz eta denbora eta diru gehiago inbertitu behar da gustura sentitzeko. Abstinentzia sindromea ere sortzen da, uzten denean. Ikerketa askok lotzen dute jokoarekiko dependentzia familia, ikasketa edo harreman arazoekin”.
Funtsean, adikzioen gaineko hausnarketa sakona behar dela uste dute bi adituek. “Aisialdiak gure bizitzetan zer paper jokatzen duen pentsatu beharko genuke”.
Erreportaje hau Aiaraldeak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra