Unibertsitateko ikasle talde batek kolektibizatu.cc webgunea jarri du martxan, software libre eta lizentzia ireki bidez apunteak partekatzeko egitasmoa. Bildutako materiala kritikoki lantzeko eta gogoetarako tresna ere izan nahi du proiektuak, ahalik eta jende gehienaren parte-hartzeari eta hartu-emanari esker.
Mundu akademikoa sarri itxia eta elitista dela iritzi dio Iker De Luzek, webgunea abiatu duten ikasleetako batek. “Mesfidantza errotuta daukagu eta egiten dugun lan guztia guretzat baino ez da geratzen, indibidualismoa eta lehia sustatzen du horrek eta gainera unibertsitateak mugatu egiten du sarrera hainbat edukitara, jakintza ugari ordaindu dezaketenen esku baino ez baitago, nik adibidez ez dut sarbiderik masterretako edukietara”. Hori aldatzeko, lan, apunte eta jakintza guztiak denen eskura jarri nahi dituzte: “Nola eraikiko dugu Herri Unibertsitate bat, bertan kolektiboki bildu, partekatu, eztabaidatu, zalantzan jarri, kontrastatu, zabaldu eta eraikiko dugun jakintzarik gabe?”.
Alferren txokoa ez, eztabaidarako gunea
Aurrekariak badira. Campus eta fakultate batzuetan apunteak partekatzen dituzte dagoeneko, El rincón del vago webgune espainiarraren gisako adibideak ere ezagunak dira, baina ikasleei lana errazteaz gain –azterketei begira esaterako–, dimentsio orokorragoa hartzen du Kolektibizaturen abiapuntuak: jendearen hartu-emanaren bidez, denen artean jakintza eraikitzen eta aberasten joatea da funtsa. Are gehiago, proiektuaren lehenengo fasea apunte eta lanen bilketa baldin bada ere, epe ertain eta luzera bildutako horri guztiari ikuspegi kritiko eta herritarra txertatzea da asmoa, euskaraz beti ere. “Adibidez, Zientzietako ikasleek hitzaldia antolatu dutela fracking-ari buruz, sistema kritikotasunez aztertuz? Hori jaso eta gaiari buruzko materialetan txertatuko genuke”, azaldu digu De Luzek. Webgunean, lanketa honek hartuko du protagonismoa.
Zenbat eta ekarpen gehiago egin, orduan eta aberatsagoa izango da pilatzen joango den jakintza, dio ikasleak, baina nola bermatu parte-hartzea? Proiektuaren bultzatzaileak hainbat ikasle mugimendutako kideak dira (Leioatik!, Ikasle Abertzaleak, Hara ba!...) eta harreman estua dute ikasle talde eta asanbladekin: “Poliki-poliki karreraka azpitaldeak sortzea da helburua, arlo horietako materiala biltzen, euskaratzen eta kritikoki lantzen joango direnak”. Graduen urte zehatzak eta ondoren karrera osoak ikuspegi herrikoi eta kritikoa barnebilduta publikatuko dituzte, “horrela, unibertsitatean elitizatua izan den jakintza edonoren eskura egoteaz gain, askapenerako hain beharrezkoa den ikuspegi kritiko eta herrikoia euskaraz izango dugu eskuragarri”. Azken finean, “besteongandik ikasitako, besteokin eraikitako eta gure hausnarketen bidez sortu eta zabaldutako jakintza” partekatzea da xedea.