Braeburn Capital inbertsio funtsaren bidez kudeatzen ditu Applek bere finantza operazioak eta El Diariok zabaldu duenez, munduko Hedge Fund –arrisku handiko inbertsio-funts– handiena da. Nevadan (AEB) du egoitza fiskala, bertako zerga eta finantza lege onuragarriez baliatzeko.
Oso informazio gutxi dago Appleren inbertsio-funts sekretuaren inguruan. 2006an sortu zuen Kaliforniako teknologia enpresak, eta hasiera batean 9.000 milioi dolar kudeatzen zituen. Gaur egun, enpresaren kapital-efektiboa –200.000 milioi dolar inguru– kudeatzen duela uste da. Ez dago bere aktibitatearen erregistro publikorik, ezta bere inbertsioen inguruko informaziorik ere. Applek bere filialen zerrendan kokatzen du, Irlandan dituenekin batera –Irlandak, Nevadak bezala, fiskalitate baxua du–. Hedge Funden zerrenda ofizialean ere ez da ageri Braenburn Capital.
Appleren produkturen bat erosten den aldiro, sarreren zati bat funts horretara bideratzen dute, eta funts horren kudeaketak irabazi izugarriak eman dizkio enpresari, batez ere Nevadako zerga-legeei esker. Nevada “zerga-paradisu” berria bilakatu da: ez dago sozietateen gaineko zergarik eta ez da inbertitzaileen eta aktibitateen inguruko erregistrorik aurkeztu behar. The New York Times egunkariak argitaratutako erreportaje baten arabera, 2006tik 2012ra sagarraren enpresaren filialak 2.500 milioi irabazi zituen interes, dibidenduen interes eta beste kontzeptu batzuen bitartez.
146 herrialdek baino likidezia handiagoa
Azken urte fiskalean Applek errekor guztiak hautsi ditu: 53.394 milioi dolarreko irabaziak (50.284 milioi euro) lortu ditu, aurrekoan baino %36 gehiago. Enpresa batek ere ez du lortu horrelako irabazirik urte bakarrean. Hala ere, harrigarriena irabaziak baino, Applek duen eskudirua da: 205.700 milioi dolar (193.703 milioi euro). 146 herrialdek baino likidezia handiagoa du. Diru kopuru horrekin Apple munduko multinazional handienak erosteko edo horietan inbertitzeko gai izango zen, baina ez dago horren berririk. Braeburren bitartez Applek bere aktibitate ekonomiko guztia sekretupean dauka.
Zero Hedge finantza merkatuen inguruko blogak 2012an Appleren filialaren egoitzaren argazki batzuk argitaratu zituen. Braeburnen bulegoa Renoko (Nevada) auzo abandonatu batean zegoen, nahiz eta une horretan Hedge Funden zerrenda ofizialean lehena zegoen Bridgewaterren aktiboak gaindituz. Aurten Braeburrek egoitza tokiz aldatu du.