argia.eus
INPRIMATU
Applek Irlandari 13.000 milioi euro itzuli behar dizkiola ebatzi du Europak, urtetan ordaindu gabeko zergengatik
  • Apple konpainiak eta Irlandak legez kanpoko zerga aginduak adostu zituztela ebatzi du Europako Batzordeak. Zerga gutxiago ordaintzeko sare konplexu bat baliatuz Europan izandako mozkinen ehuneko txiki bat soilik ordaindu zuen multinazionalak Irlandan hainbat urtez, sozietate zergei dagokionez: irabazien %1 2003an eta %0,005 2014an (%12,5ekoa da sozietateen gaineko zerga Irlandan).

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko abuztuaren 31

13.000 milioi euro gehi interesak itzultzeko agindu dio Europako Batzordeak Appleri. 2003 eta 2014 bitarteko urteei dagokie kopurua. 2014an hasi zen Europako Batzordea Appleren zergen inguruan ikertzen, eta ordutik hamar urte atzera egiteko aukera ematen du legeak. Hala ere, Applek legez kanpoko zerga aginduekin 1991tik onura atera duela ebatzi du Batzordeak.

Margrethe Vestager Europar Batasuneko Lehia Komisarioak azaldu du Applek ordaindu beharrekoa ez dela isun bat, ordaindu gabeko zergak baizik. Vestagerrek gaineratu du Europar Batasuneko herrialdeek ezin dizkietela zerga onurak eman enpresei.

Konpainiak bi filialetara bideratzen zituen irabaziak Irlandan (Apple Sales International eta Apple Operations Europe) eta hortik “bulego nagusi” batera. Bulego horiek paperean baino ez ziren existitzen, ez zuten inongo jarduerarik, eta hortaz, Europako Batzordeak ebatzi du ezin zituztela egotzitako irabazi horiek izan. Sare horri esker Applek ez zuen ia zergarik ordaintzen; ehuneko txiki bat soilik Irlandan, eta Europan irabazitakoarengatik gainerakoa, inon ez.

Bai enpresak eta bai Irlandako Gobernuak Europako Justizia Auzitegian helegitea jarriko dutela iragarri dute.