argia.eus
INPRIMATU
Apple konpainiaren etekinak nabarmen jaitsi dira
Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 23a
Iphone 5ak berehalako zirrara piztu bazuen ere, salmenta kopurua aurrekariarena baino azkarrago ari da jaisten. (Argazkia: Herald Sun)

2012ko apirilean, Apple-en akzioak 600 dolar balio izatera iristean, aurreikuspenek zioten urte baten bueltan 1.000 dolarretara iritsiko zirela. Errealitatea, haatik, bestelakoa da gaur. Urrian 700era iritsi eta gero, beherakada hasi zen. Hain zuzen, iPhone 5 telefonoa merkaturatu zuten garaian. Zazpi hilabetetan 325 dolarretako jaitsiera izan du.

Irabazi gordinak ere ez dira espero bezalakoak. Azken hamar urteetan, Apple-en etekinek etengabeko hazkundea izan dute. Aurtengo lehen hiruhilekoan berriz, %18 gutxiago irabazi dute. Iphone 5ak berehalako zirrara piztu bazuen ere – merkaturatu eta lehen hilabetean gehien saldutako gailu elektronikoa da –, salmenta kopurua aurrekariarena baino azkarrago ari da jaisten.

Garsiden ustez, iPhone 5aren kalitateak eragina izan du bilakaera honetan. Erabiltzaileek gogor kritikatu dute mugikor berria. Besteak beste, hauskorregia delako eta berezko aplikazio batzuk akastunak direlako. Software zuzendari Scott Forstall kaleratu zuten horren ondorioz.

Enders Analysis ikerketa zentroko Benedict Evansek dioenez, Apple ez da eroriko. Zalantza bestelakoa da: lehengo bidera bueltatzeko gaitasuna izango ote duen. Samsung eta Nokia bezalako konpainiak euren produktuak hobetzen ari dira, eta teknologiaren ikuspegitik, Apple eta bere lehiakideen arteko distantzia gero eta laburragoa da.

Momentuz, industrian etekin handienak ateratzen dituena izaten jarraitzen du Apple, totalaren %60 inguru Evansen arabera. Bereizteak eman dio lidergoa konpainiari, prezio oso altuak ezarriz. Baina esan bezala mugak gero eta finagoak badira, murriztu beharko dituzte ez erortzeko.