argia.eus
INPRIMATU
Apple iruzur fiskalean munduko txapeldun izendatu du ATTACek
  • “Apple, lapurreta mundiala” izenburuarekin azaroaren 9an ATTAC erakundeak zabaldu duenez, 2002tik gaurdaino sagar koskatuaren multinazionalak 16.000 milioi euroko zergak utzi dizkio pagatzeke Europar Batasunari. Berrikitan "Paradise Papers" agirietatik eskuratutako informaizoek berretsi dute Applek segitzen duela iruzur estrategia berean.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko azaroaren 10a
Militante altermundialistak ostiralean, 10, Parisko Appe Store komertzioan egindako protestan. (Argazkia: ATTAC)

Apple da une honetan munduan etekin gehien sortzen duen konpainia, milaka milioi euroko mozkinak lortuz. Baina arrakasta hau, dio ATTACek bere “Apple, le hold-up mondial” txostenean oinarritzen da sekula inork egin ez duen adinako iruzur fiskalaren gainean. Applek bere etekinen bi heren eskuratzen ditu irabaziak %4,5ean zergapetzen diren herrialdeetan. Ustezko lorpen handi hori Irlandaren konplizitatearekin lortzen du, nazioarteko irabazien gehiena kasik zergarik gabe libratuz.

“Appleren kasuak alde askotatik argitzen du multinazionalek gaur zer nolako taktikak darabiltzaten fiskalitatean eta nabarmentzen du horiek ezabatzeko neurriak hartzea urgentziazkoa dela. Etekinak herrialdeka publikoki aitortzea, oraindik Europar Batasunak aintzat hartu ez duena, inoiz baino beharrezkoagoa da jokabideon gaineko isiltasuna urratzeko. Inpunitate fiskala amaitzeak eskatzen du iruzur fiskalaren kontrako kate begi guztiak sendotzea, administrazioarenak, epaitegienak eta politikoak. Zergen aldetik multinazionalak tratatu behar dira enpresa bakan gisa, herrialde bakoitzean daukaten jardueraren indikadoreen gainean, horrela sistema fiskala immunizatuko bailitzateke etekinak modu artifizialean paradisu fiskaletara ihesi joatearen kontra”.

Dossierra plazaratzearekin batera, hainba protesta eta salaketa ekintza egin ditu ATTAC mugimenduak munduan zehar. Horietako bat ostiralean bertan, azaroak 10, Parisko Apple Store komertzioan.