Foxconn korporazio txinatarrak, Apple eta Samsung markako elektrotresnak ekoizten dituen erraldoiak, 60.000 robot ezarri ditu bere usinetan beste hainbeste langileren ordez, South China Morning Postek zabaldu duenez. Jiangsu probintziako industrialdean gizaki langileak 110.000tik 50.000tara murriztu ditu, haien beharra robotek egingo dutelako.
2014ko irailetik, Dongguan inguruko 505 faktoriak, Guangdon probintzian, 4.2000 yuan (562 milioi euro) inbertitu dituzte robotetan, milaka giza lanpostu aurreztu asmoz. Kunshan, Jiangsu probintzian, industria elektronikoaren gune garrantzitsu bat da. Urtean 120 milioi ordenadore ekoiztera iritsi zen, nahiz eta gaur 51 milioitan ibiliko den. Bi milioi eta erdi biztanle ditu, bi heren landa eremuetatik lan bila etorritako jendeak, hasi direnak kezkatzen bertako 600 konpainietatik gehienek dauzkatelako robotak ezartzeko asmo berdinak.
Ekonomialariak aspalditik ari dira ohartarazten lanpostuen automatizazioak langileengan eragin handia izango duela. Deloitte aholku emaileak iragarri du datozen urteotan enpleguen %35 dagoela arriskuan.
Robotizazioari plazerra hartzen hasita daude mundu osoko ugazabak. McDonald’seko zuzendari nagusi ohi Ed Rensik duela gutxi esan zion AEBetako Fox kateari langileei orduko gutxienekoa 15an jartzeak konpainiak bultzatuko dituela haien lekuan robotak jartzera: “Patata frijituak egiteko merkeago da 35.000 dolarreko robot beso bat erostea kontratatzea baino langile bat efikaza ez dena orduko 15 eurotan ari”.
1974an sortua, Foxconnek –Hon Hai Precision Industry– milioi bat langile baino gehiago dauzka, munduko hirugarren handiena da langile kopurutan, eta planetako elektronikaren erdia berak ekoizten du. Marka handi guztiak ditu bezero Foxconnek.