argia.eus
INPRIMATU
Apple eta Google elkarlanean ari dira herritarrok norekin elkartzen garen kontrolatzeko
  • Munduko bi multinazional handienetakoak, egunerokoan elkarren "etsai" direnak elkartu dira telefono mugikorren Bluetooth-a erabiliko duen aplikazio bat garatzeko. Helburua, haien esanetan, "gobernuei erraztea herritarrak norekin elkartzen diren jakitea, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko". Bi enpresei herritarren informazio pertsonalarekin negozioa egitea leporatu diete hainbat aldiz.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 11
Argazkia: Skynews

Applek eta Googlek apirilaren 10ean iragarri zuten, software-azpiegitura bat garatzen ari direla, Covid-19ko izurritearen aurkako neurrien barruan. Herritarrak egunerokoan zeinekin elkartzen garen jakiteko, gordetzeko eta gobernuei helarazteko aplikazio bat da, horrela, haien esanetan, "birusaren hedapena hobeto galarazteko informazioa" lortuko litzateke, hala nola gaixoekin kontaktuan egon diren pertsonak ohartarazteko, eta berrogeialdiak eta azterketa selektiboak egitea erraztu lezakete.

Europan aztertzen ari diren proiektu ia guztiak bezala, Bluetooth teknologia erabiliz funtzionatuko luke, pertsona bat gaixo dagoen beste pertsona batekin harremanetan egon den ala ez zehazteko, geolokalizazioaren etengabeko jarraipenaren ordez. Bi erabiltzaile oso gertu daudenean, informazio hori aplikazioak erregistratuko luke; eta haietako batek geroago Covid-19ko sintomak ematen baditu, aplikazioak alerta-mezu bat bidaliko luke.

Gobernuentzako "laguntza"

Asmoa da "gobernuei laguntza ematea kontaktuak arakatzeko aplikazio horiek martxan jar dezaten, eta konfinamenduak lehenago amaitzeko". Multinazionalen esanetan, agintariei infekzio talde berriak identifikatzeko askoz aukera gehiago emango lituzke.

Asiako hainbat herrialdek ezarritako sistemen antzera, Europako zenbait herrialdek, tartean Frantziako eta Espainiako estatuak, gaur egun aztertzen ari dira antzeko programa informatikoak sortzea edota erabiltzea. Txekiar Errepublikak hilabete honetan kaleratuko du antzeko aplikazio bat. Britainia Handia, Alemania eta Italia ere herritarren mugimenduen berri izateko tresna propioak garatzen ari dira.