'30 egun bizikletaz' kanpainarekin bat egiten duten herritarrek apirileko egun guztietan bizikleta erabiltzeko konpromisoa hartuko dute, haren abantailak aldarrikatzea xede.
2010ean abiatu zuten egitasmoa Minneapolisen, AEBetan, bizikletaren erabilera sustatzea helburu, osasunari mesede egin eta bizi kalitatea hobetzen duen neurrian.
Apurka-apurka beste herrialde batzuetara zabaldu da kanpaina, eta Euskal Herrian ere izango du jarraipenik. Ekimenarekin bat egin nahi duenak hiru urrats bete beharko ditu:
Internet bidez izena eman martxoaren 31 baino lehen. Modu horretan, apirilean egunero bizikleta erabiltzeko konpromisoa hartzen da.
Zoazen lekura zoaleza, gainerako txirrindulariekin elkartu eta adiskide berriak egin. Kanpainarekin bat egiten duten erabiltzaileek txarteltxo urdin bat jartzen dute gurpileko erradio artean, bideoan ikus daitekeenez.
Bizi izandakoa hitzez edo irudi bidez kontatu, Twitterren (#30diasenbici edo #30DEB traolak erabilita), kanpainaren Facebook-eko horman edota norberaren blogean. Sortzen diren elkarrizketetan parte hartu.
Bilbon, egitarau zabala
Gasteiz, Iruñea eta Bilboko erabiltzaileek bat egin dute kanpainarekin. Bizkaiko hiriburuan, bizikleta ardatz duen egitaraua prestatu dute apirilerako:
Apirilak 5: Eskuak koipez zikindu! - Mekanika ikastaroa
Apirilak 12: Eskuak koipez zikindu! - Mekanika ikastaroa
Apirilak 15: Patagonia, hegoaldearen hegorantz hitzaldia.
Apirilak 19: Eskuak koipez zikindu! - Mekanika ikastaroa
Apirilak 21: Bilbotik itsasora
Apirilak 28: Masa Kritikoa (hileko azken ostegunean egiten dute)
Apirilak 30: Asteburu pasa Altubeko pagadian