Elikagaiak are gehiago ari dira garestitzen, eta zertxobait jaitsi dira argindarraren eta erregaien kostuak. Martxotik apirilera bitartean inflazioaren ehunekoak behera egin badu ere, azken 35 urteetan erregistratu diren daturik altuenak dira azken hilabeteetakoak.
Maximo historikoak ukitzen jarraitzen dute inflazioari buruzko datuek. Apirilean Espainiako Estatuan erregistratutako zenbatekoen berri eman du INEk, eta inflazioa %8,3an kokatu zela jakinarazi du. Martxoan %9,8koa izan zen inflazioa eta, beraz, behera egin du ehunekoak. Hala ere, azken 35 urteetako inflaziorik altuena izaten ari den aldia da bizitzen ari garena.
INEren arabera, garestitzen jarraitzen dute elikagaiek eta alkoholik gabeko edariek. Azpimarra berezia egin dio haragiaren, ogiaren, zerealen, barazkien, lekaleen, esnearen, gaztaren zein arrautzen prezioen gorakadari. Izan ere, hainbat elikagairen prezioen bilakaera aztertzen du INEk, eta guztiek egin dute gora iazko apirileko kostuekin alderatuta; %9,3 garestitu dira. Oliba-olioa %42,5 hazi da, %25 pastarena eta %9,5 frutarena.
Elikagai bankuetan eskaria nabarmen igoko dela aurreikusten dute; aurten igoera hori %20koa izan daitekeela diote.
Gehien hazi diren kostuak
Bestalde, martxoan goia jo zuten argindarraren eta erregaien prezioek, baina zertxobait arindu dira apirilean. Argindarrari dagokionez, orduko megawattaren prezioa 283 eurokoa izan zen martxoan, PVPC tarifa arautua erabiltzen dutenen kasuan, behintzat —merkatu librea ez du kontuan hartzen INEk—. Apirilean, aldiz, 190 euroko prezioa izan zuen batez beste orduko megawattak.
Dirudienez, zenbait faktorek eragin dute kostuen merkatze hori; besteak beste, tenperaturen gorakadaren ondorioz kontsumoan izan den jaitsierak.
Inflazioari lotutako datuetan ikus daiteke zein den gehien garestitu den alorra: argindarra, gasa eta ura. Kostu horiek %36,3 garestitu dira azken urtean.
Deskontua ez da nahikoa
Erregaien kostuek ere behera egin dute apirilean, ziurrenik, Espainiako Gobernuak ezarritako deskontuaren —20 zentimokoa litro bakoitzeko— eraginez; %6 jaitsi dira prezioak. Hala ere, maximo historikoetatik oso hurbil jarraitzen dute erregaien kostuek, %29,1 garestitu baitira urtebetean.
Azpiko inflazioa ere neurtu dute; alegia, zenbatekoa den inflazioa aldakorrak diren hainbat neurgailu —elikagai freskoak eta energia— kontuan hartu gabe. Prezioen epe erdiko joera ikusteko balio du datu horrek, batez ere. Azpiko inflazioak 1995etik izan duen mailarik altuena du Espainiako Estatuan: %4,4ra igo da.