argia.eus
INPRIMATU
Bakearen artisauak
Apirilaren 8a: armagabetzea Baionatik kanpo izango da, egun berean
  • ETAren armagabetze operazioaren inguruan xehetasun gehiago eman dituzte Bake Bideak taldeak ohar bidez. Baionan apirilaren 8an ekitaldia egingo dute arratsaldeko 15:00etan.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 30a

Segurtasun kontuak direla eta armagabetzea ez da zehazki Baionan izango, baina bai apirilaren 8ko egun berean. ETA erakundearen armategiarekin erabat amaitzeko ekimeneko arduradunek azaldu dutenez neurri horrek ahalbidetuko du armagabetzea "osoa eta egiaztagarria" izatea, hain zuzen. Nolanahi ere, ez dute azaldu zeinek eta nola entregatuko dituzten armak.

Baionan ekitaldia antolatu dute arratsaldeko 15:00etan, ekintzari balio sinboliko eta ikusgarritasuna emate aldera eta espero dute "masiboa eta duina" izatea eta deia luzatu diote euskal jendarteari Lapurdiko hiriburura bertaratzeko.

Azaldu dutenez, pauso horrek "euskal gatazkaren ondorioen atal guztien konponbidean (presoak, erbesteratuak, biktimak, elkarbizitza...) aitzina egitea ahalbideratu behar du".

Ipar Euskal Herriko dozenaka talde biltzen ditu Bake Bideak taldeak eta apirilaren 8an hitzaldiak antolatu ditu Baionan bertan 10:30etatik hasita. Aurrerago emango dute hitzaldi horien egitarauaren berri.