argia.eus
INPRIMATU
Apirilaren 4an desalojatu nahi dute Bilboko Etxarri II Gaztetxea
  • Errekaldeko Gaztetxearen aurkako huste-agindua heldu da jadanik. Espazioa defendatzera deitu dute bertako kideek.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko martxoaren 06a
Etxarri II gaztetxea

Berehalako desalojo arriskuan dago Bilboko (Bizkaia) Errekalde auzoko Etxarri II Gaztetxea. Bertako kideek atzo jakinarazi zutenez, huste-agindua jaso dute dagoeneko, epemuga batekin: datorren apirilaren 4a. "Hemendik hilabetera Polizia Etxarri husten saiatuko da, eta, horrekin, hamar urtez baino gehiagoz Errekaldeko hainbat gazte-belaunaldik garatu dugun proiektua suntsitzen ahaleginduko dira", salatu zuten agerraldi baten bidez. Gauzak horrela, azaldu dute Gaztetxea euren "indar guztiekin defendatuko" dutela, baina "babesa" ere behar dutela. 

Horretaz gain, desalojo-aginduak "erantzule zuzenak" dituela diote Gaztetxeko kideek. Batetik, "Gaztetxearen etorbidean egitekoak diren proiektu urbanistiko elitistarekin poltsikoak beteko dituzten enpresariak" seinalatu dituzte: "Azken hilabeteetan, Etxarriren inguruko pabiloi industrial guztiak erosten ibili da Amenabar eraikuntza-enpresa, bertan etxebizitzak egiteko". Bestetik, Bilboko Udala jarri dute jopuntuan: "Pilotada urbanistiko horren bultzatzaile nagusia da, eta proiektua makilatzeko luxuzko eraikinen ondoan, Babes Ofizialeko Etxebizitza batzuk eskainiko ditu". Gaztetxekoek gaineratu dutenez, udala ez da haiekin harremanetan jarri, eta ez die "inolako alternatibarik eskaini". Eta, azkenik, "epaileak eta indar polizialak" ere aipatu dituzte erantzule modura, "enpresarien zein politikarien zerbitzaririk leialenak" direlakoan.

"Etxarri desalojatu nahi dutenak egunerokoan gure lan- eta bizi-baldintzei erasotzen dieten enpresari eta politikari berak dira, gutxi batzuen irabazi pribatuak auzokideon eta gazteon beharren gainetik inposatzen dituztenak", ohartarazi dute. Etxarriko kideek aldarrikatu dute, hala, "gure arma bakarrak" direla "antolakuntza eta borroka". "Etxarri desalojatuz gero, Errekalden langile-klasearen antolakuntzarako espazio bat lapurtuko digute. Etxarri desalojatuz gero, Bilbon gero eta urriagoak diren beste gune autogestionatu bat lapurtuko digute, espekulazioaren mesederako. Etxarri desalojatuz gero, beste Gaztetxe bat lapurtuko digute Euskal Herrian", salatu dute. Horren kontra, "elkartasuna hedatzera eta Gaztetxearen defentsa antolatzera" deitu dute Errekaldetik.