argia.eus
INPRIMATU
Apirilaren 27tik 30era izango da Sormene, Galdakaoko sorkuntzen plaza
  • Laugarren edizioa izango da udaberri honetakoa, eta dantza, antzerkia, musika, bertsolaritza eta arte plastikoak landuko dituzte. Zaintza izango da ekimenaren oinarrietako bat, amatasunarekin, sorkuntzarekin eta euskararekin batera.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 26a
Hainbat arte diziplinaz osatutako egitaraua antolatu dute. (Argazkia: Galdakaoko Udala)

Apirilaren 27tik 30era ospatuko da Sormene Galdakaon, euskal kulturako sormen proiektuak biltzeko helburua duen ekimena. Amatasuna, sorkuntza eta euskaraz gain, zaintza ere izango du aurten oinarri jaialdiak. Ikus-entzunezkoak, antzerkia, dantza, musika eta bertsolaritza uztartuko dituen egitaraua antolatu dute.

Sormeneren laugarren edizioa izango da udaberri honetakoa. 2020an egin zuten lehen aldiz, eta urtero bi aldiz antolatzen dute, udaberrian eta udazkenean. Emakume euskaldunen lanak nabarmendu nahi dituzte, besteak beste.

Galdakaoko ikastetxeetara ere eramango dute ekimena. Hain zuzen, ikasleei zuzendutako BideoSormene laburmetraien tailerrarekin hasiko dute egitaraua ostegun goizean, Josi Sierrak gidatuta. Ikasleek Sormeneren lau egunetako laburpen bideo bat egin beharko dute, eta bigarren hezkuntzako ikasleez gain, edonork hartu ahal izango du parte. 

Ostiral goizean, berriz, arte plastikoak landuko dituzte ikasleek. Karmele Gorroñorekin, kalean "mural kolektibo ibiltaria" egingo dute.

Publiko osoari eskainitako emanaldiei dagokienez, ostegun arratsaldean Bapateko Sormene ikuskizuna eskainiko dute. Bat-bateko saio honetan hainbat kultur adierazpidetako sortzaileek hartuko dute parte, gehienak galdakoztarrak. 19:00etan izango da, Torrezabal kultur etxean. Ostiral arratsaldean, berriz, Atx Teatroaren Oihana antzezlana izango da, 19:00etan Torrezabalen.

Larunbatean, Dantzaren Nazioarteko Egunean, arte diziplina hori izango da protagonista, baina ez bakarra. Sormene ibiltaria antolatu dute arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta diziplina ezberdinetako 30 minutuko emanaldiak eskainiko dituzte. Bertan izango dira Galdakaoko Divernire dantza-eskola eta Akëer musika-taldea, Josune Aramendi eta Paula Amilburu bertsolariak eta Fani, La Basu eta Herbas & M arta rap kantariak. Eguna bukatzeko, 21:30ean Bertikala eta zorua elkarlanean dantza ikuskizuna eskainiko dute Zinbulu Kolektiboak eta Galdakaoko dantza-eskolak. Emanaldiak Galdakaoko txoko ezberdinetan izango direnez, Andra Mari dantza-taldeko musikariek kalejira egingo dute leku batetik bestera.

Egitarauari amaiera emateko, igandean laburmetraien proiekzioa eta sari banaketa izango dira, 18:00etan, Torrezabalen.

Sormene, Doinueleren parte

Doinuele euskarazko Plazen Sarearen parte da Galdakaoko Sormene. Euskal Herriko bost lurraldetako zortzi ekimenek osatzen dute plaza, eta martxoan aurkeztu zuten. Besteak beste, "euskara hutsezko publikoa indartzea" eta "euskaraz bizi den sarea zabaltzea" dira proiektuaren helburuak. Gaur-gaurkoz, hauek dira Doinuele sarean elkartu diren zortzi ekimen eta herriak: (H)ilbeltza (Baztan), "Geure Gelatik" (Azkoitia), "Sormene" (Galdakao), "Literaturia" (Zarautz), Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, Hernaniko Liburu eta Disko Azoka, "Ikusi Mikusi" (Sara) eta Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka.