Apirilaren 26an Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena izanik, gerraren aurkako elkarretaratzeak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Baliteke zenbait herrik ere deialdi propioak egitea.
Iragan apirilaren 2an Gernikako merkatu plazan egin zuten agerraldia hainbat eragile eta norbanakok, Euskal Herriak gerrari ez! elkarrizketa, bakea, bizitza, burujabetza manifestua irakurri eta lau haizetara helarazteko.
Ekimenaren abiapuntua argi utzi zuten hasieratik: “Ukrainako gerrak eta horren bueltan sortu diren giro gerrazaleak bultzatu gintuen duela bi aste lehen bilkura burutzera Astran”. Lehenbiziko bilera hartan adostu zuten manifestua, baita berau herritarrei helaraztea ere.
Agerraldian xedatu zutenez, manifestua plazaratzearekin batera hiru deialdi egin nahi izan dizkiote euskal jendarteari. Bata herritarrei eta eragileei, manifestuari atxikimendua eman diezaioten. Bigarrena norbanakoei zein kolektiboei, manifestuaren printzipioak –elkarrizketa, bakea, bizitza, burujabetza– bere egin ditzaten eta eragileen kasuan beren jardunean txertatu ditzaten. Eta azkenik, mobilizatzera dei egiteko ere probestu zuten manifestuaren plazaratzea.
Sinbolikoki esanguratsua den eguna hautatu dute mobilizatzera dei egiteko. Apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenean, egingo dira elkarretaratzeak Hego Euskal Herriko hiriburuetako udaletxeen aurrekaldeetan, 19:00etan. Baliteke zenbait herrik ere deialdiarekin bat egin eta tokian tokiko elkarretaratzeak deitzea.
“Mundu zabalean eta Euskal Herrian ikusten ari garen bezala, gerren ondorioak jendarteak eta sektore zaurgarrienek ordaintzen dituzte. Ondorioz, nagusitzen ari diren ikuspegi belizisten aurrean, aldarrika dezagun Euskal Herria bakearen lurraldea izatea nahi dugula”, dei egin zioten jendarteari.
Guernica Gernikara ekimenaren arabera, dagoeneko 400 norbanakotik gora eta 20 eragile baino gehiago dira manifestuari atxikimendua eman diotenak. Sinatzeko aukera zabalik dago oraindik, formulario honen bidez.