argia.eus
INPRIMATU
Altsasuko gazteen alde apirilaren 14an deitutako manifestazioa berotzeko laguntza eskatu dute
  • Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak Aske taldeek apirilaren 14an 17:30ean Iruñeko Golem zinema-aretoetatik abiatuko den manifestazioko kartela aurkeztu dute. "Ziur gaude manifestazio horrek injustizia salatzeko eta askatasuna eta eskubide demokratikoen alde aldarrikatzeko inflexio-puntua ezarriko duela", adierazi dute.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 06a

Altsasukoak Aske Plataformak eta Altsasu Gurasoak taldea osatzen duten familiek gonbidapena luzatu dute apirilaren 14an egingo den manifestazioaren aldeko ekintzak antolatzeko Euskal Herrian.

"Gauzatu ahal izango den toki guztietan eta horretarako prest dauden pertsona guztiendako da deialdia. Gure proposamena irekia da eta tokian tokiko ideietara egokitu daiteke: elkarretarazteak direla edo herri-bazkariak, auto-ilarak, kontzertuak edo pankartak… beti ere, manifestazioaren deialdian aldarrikatu bezala, aniztasunetik eta herritarrok biltzeko asmoz", adierazi dute. 

Martxoaren 16, 17 astebururako "Ez da posible! ¡No es posible! It's not possible!" lelopean gauzatu nahi dute babes ekimenez beteriko asteburua.

"Azpimarratu nahi dugu asteburu hori tokian tokiko baldintzetara egokituko dela, ez dela zertan derrigor egun horietan gauzatu beharrik; den-denak ongi etorriak eta estimatuak izango direla, ederra izango bailitzateke gure lurraldea ekintzez jostea eta egutegia betetzea".

Gonbidapen hau luzatzen dizuegu gu ailegatzen ez garen bazterretara iritsi ahal izateko, eta horretarako, beste behin, zuengana jotzen dugu horrenbeste txokotatik jasotzen ari garen laguntza eta elkartasun eske. Mila esker aunitz!

Apirilaren 14ko manifestaziorako deialdia zabaltzen laguntzeko prest dagoenarentzat materiala igo dute lotura honetara.

Bertan daude apirilaren 14ko manifestazioaren deialdirako kartela, ekimenak deitzeko kartel mutua, manifestaziora gonbidatzeko testua, pankartak egiteko ereduak, apirilaren 14rako autobusak antolatzeko orria, informazio-txostena (manifestu desberdinak, informazio juridikoa…), eta abestiak: “Aurrera Altsasu” … musikari eta artista desberdinek sortuak.

Eskatu dute argazkiak eta deialdiak ezdaposible.altsasu@gmail.com helbidera bidaltzeko.

"Ziur gaude, manifestaziora deitu genuen egunean adierazi bezala, jende asko dagoela bat datorrena ideia honekin: ez direla gure gazteak soilik aulkian eser araziko dituztenak. Jendartearen etorkizuna dagoela jokoan, askatasuna eta eskubideetan eragiten duen nagusikeria gauzatzen denean, ezerk ez baitu bermatuko beste inori ez ote dion eragingo. Horretan esperientzia handia dugu".

Hemen kartela.